Markina-Xemeingo Udalak igerilekuko uraren tenperatura mantentzea eskatu du
Eusko Jaurlaritzaren araudiak 24 gradutan dauka ezarrita gutxieneko tenperatura.
Energia krisiak eta horrek eragindako kostuen igoerak zeresan handia eman du azken hilabeteetan, etxeetan eta baita udaletan ere. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak kiroldegietako igerilkuetako tenperaturan aldaketak egitea proposatu zuen, horrela gradu bat jaitsita, adibidez, %15 aurreztu daitekeela diote adituek.
Markina-Xemeingo Udalak hainbat kexa jaso ditu tenperatura jaitsieraren inguruan, eta konponbidea aurkitzeko bidean hainbat eskaera egin ditu. Atxondo Kiroldegiko umeen igerileku txikian barikuetan izaten den uraren tenperatura, 31 gradukoa zehazki, eguen, zapatu eta domeketan ere mantentzea bermatu nahi dute udal ordezkariek, eta horretarako eskaera egin dute.
Horrez gain, igerileku handian ura gutxienez 26 gradutara mantentzea ere eskatu dute udaletik. Eusko Jaurlaritzaren araudiak 24 gradutan dauka ezarrita gutxieneko tenperatura. Udal ordezkariak jakinarazi dutenez, “kontuan izan behar da uraren tenperatura igotzeak energia kostuak igotzea dakarrela”.