Eneko Garamendi: "Nire helburua da 5.000 metrotara etxean moduan jatea"
Alex Txikonek Manaslu mendia neguan lehen aldiz igo duen espedizioaren parte izan da lekeitiarra. Hirugarren saiakeran lortu dute. Aldundiak harrera egin zien atzo Txikon eta Garamendiri.
Zelan bidaia?
Oso pozik itzuli gara, dena oso ondo atera da eta, gainera, denbora laburrean, eta garrantzitsuena da ez dela zauritutakorik egon edo ezbeharrik gertatu. Abenduaren 26an joan nintzen ni, eta Alex Txikonek ia hilabete lehenago bidaiatu zuen, aurretik egokitzapen fasea egin zuen Makalun eta Everesten. Lan talde guztia elkartu ginenean, altuera hartu genuen, eta Samagon herrira igo ginen 3.500 metroko altuerara eta pixka bat gorago izan dugu lehenengo kanpamentu bat 5.000 metroko kanpamentu basera arte igo baino lehen. Bertan ospatu genuen, adibidez, Gabon Zahar Eguna. Ondo afaldu genuen, dantza egin genuen baita kartetara jokatu ere. Hotza zegoen, eta gorputza berotu beharra zegoen.
Zelan murgildu zinen horrelako espedizioetan?
Duela sei urte Alex Lekeitiora etorri zen hitzaldi bat ematera; gaztarotik elkar ezagutzen genuen. Afaltzen geundela esan zidan sukaldari bat behar zuela eta ea animatuko nintzatekeen beragaz joatera. Apustu modura bota zidan, berak uste baitzuen azkenean ezezkoa emango nuela, baina eskua ematerakoan nire hitza bete nuen, eta sei urteren ostean, hemen jarraitzen dut. Urtero-urtero eskatu dit beragaz joateko espediziora. Gauzak ondo egin ditudanaren seinale da.
Aurretik mendizalea izan zara?
Nire goi mailako lehen mendia Everest izan zen, ez naiz inoiz horrelakoetan aritu. Ez nuke inoiz esango nire bizitza osoan horrelako abentura batean murgilduko nintzenik, ezta pentsatu ere. Ez nekien ezer Alex Txikonegaz lehen urtean joan nintzenean. Txarto pasa nuen, batez ere altueragaz, non sartu ote nintzen galdetzen nion nire buruari, baina denen laguntzagaz aurrera egin nuen, eta denboragaz nire gorputza eta egoera ulertzen ikasi nuen. Orain, lasaiago nago. Lehen espedizioan hiru hilabete egon nintzen bertan, imajinatu. Aldez aurretik nire gorputza prestatzen dut, bi hilabete arinago hasten naiz egokitzapena prestatzen fisikoki, baita jatekoan ere. Azkenean kilo batzuk galtzen ditut, baina ez asko, mendian hotzari aurre egiteko indartsu eta sasoiko egon behar delako.
Aurtengoa, gainera, berezia izan da. Alex Txikonena da Manaslura neguan egin den lehenen igoera: hau da, abenduaren 21a eta otsailaren 28a bitartean.
Handia egin du Alexek. Inoiz ez da Manaslu mendia neguan osorik igo, lehendabizikoak izan gara, eta horrek asko esan nahi du. Hirugarren urtea da jarraian saiatzen garena. Iaz, esate baterako, elur pila bat egon zen, eta ezinezkoa izan zen. Kanpamentu basetik alde egin behar izan genuen, oso arriskutsua zelako. Duela bi urte, hotz eta haize handia izan genituen, eta aurten izan da lehen aldia eguraldia lagun izan duguna, zortea alde izan dugu. Horrez gain, beheko edo lehendabiziko kanpamentua lehen aldiz erabili izanak ere onurak ekarri dizkigu. Neke gutxiago pilatu dugu, eta asko nabaritu dugu.
Zenbat denbora egon zarete Nepalen?
Aurtengoa espedizio bereziki laburra izan da, otsailerako genuen hartuta itzulerako hegazkin bidaia, eta aurreratu egin behar izan dugu hiru aste baino gehiago. Normalean bi hilabete inguruko iraupena izaten dute. Eguraldiaren menpe gaude guztiz, denbora behar izaten delako material dena mugitzeko, igotzeko eta jaisteko edota igoera hasi aurreko lan denak egiteko. Askotan beheko kanpamentuetara jaitsi behar izan gara eguraldiagatik, aurrera egin ordez atzera egiten duzunaren sentsazioagaz. Aurten ere nabarmentzekoa izan da Nepaleko sei sherpen lana. Oso indartsu zeuden, eta asko lagundu digute, haiek barik ez genuke helburua lortuko.
Hala ere, mendian beti dago arriskua.
Hala da, eta esango nuke aurten beste urte batzuetan baino arrisku gehiago hartu direla, baina zorionez, dena ondo atera da. Urtarrilaren 6an nik goizaldeko bostetan ikusi nituen kanpamentutik hirugarren basera heltzen. Ni beldurtuta nengoen, gure kanpamentuan haizea altxatu zelako. Gero, haizeak behera egin zuen, eta lasaiago geratu nintzen. Azkenean, 09:30ean heldu ziren tontorrera.
Sukaldari lanak egiten dituzu. Zelangoa da zure lana?
Duela sei urtetik gaur egunera arte ikaragarri aldatu da nire lan egiteko modua. Orain keroseno bonbonak erabiltzen ditut, indartsuak dira, presio-eltze lapikoak erabili daitezke. Hori bai, ohi baino gehiago behar da janaria prestatzeko, indabak edo dilistak, adibidez. Etxean janaria prestatzen egongo banintz bezala nago mendian. Erosketak bi hilabeterako gutxienez egiten ditut, eta produktu asko bertotik eramaten ditut, behar den moduan gordeta: izoztuta. Nepalen, kasu honetan, arroza edota barazkiak erosten ditugu bakarrik.
Zelakoa da zure egun bat 5.000 metrora?
Ohera goiz joaten gara, eta 07:00etan altxatzen naiz, eta jaiki bezain laster hasten naiz gosaria prestatzen. Gero, bazkarian pentsatzen hasten naiz, zer egin erabakitzen dut. Hala ere, lehen pausoa ia beti berdina da, janaria urtu behar da prestatu ahal izateko. Janaria prestatzeko etxean baino denbora apur bat gehiago behar dut. Horrez gain, bestelako lanak ere egiten ditut: bateriak edota pilak kargatzen jarri, sorgailuak martxan jarri edota eguzki plakak garbitu izotzaz edo elurraz, mantentze lanak azken batean.
Eta jateko zer prestatzen duzu?
Hainbeste altuerako mendietan gorputzak likido asko behar du, eta horregatik sopa asko egiten ditut, ia egunero esango nuke. Horrez gain, etxean edozeinek jaten dituen jakiak egiten ditut, pasta, arroza, okela eta horrelakoak, ez da beste munduko ezer. Nire helburua da etxean moduan jatea, igarri barik etxetik hain urrun zaudela eta hainbesteko altueran. Azkenean, nahitaez argaltzen zara mendian, 3.500 metrotik gora gorputzak ez ditu kaloriak eta proteinak hartzen. Horregatik, ahalik eta gehien eta hobekien jan behar da, hotzari aurre egiteko indartsu egon behar zarelako. Alex tontorrerantz abiatzen denean, askotan albondigak tomateagaz egiten dizkiot eta jateko arinak diren gauzak, azukredunak, txokolatea, gozokiak eta horrelakoak. Horrez gain, zopa asko, momentuan egiteko horietakoak, elurra edo izotza urtuz arin egin daitezke. Alexek beti dio jatekoa baino edatekoa behar duela gehiago. Aurten, adibidez, bigarren kanpamentutik aurrera ez zuen ezer jan, gorputzak edaria eskatzen zion, bestela buruko minagaz hasten da.