Jone Maguregi markina-xemeindarra, Espainiako txapeldun Powerlifting modalitatean
Modalitate honetan hiru ariketa egiten dituzte parte hartzaileek: kukubilkatze, press banka eta pisu hila. "Inoizko nire txapelketarik onena egin dut”, esan du Maguregik.
Jone Maguregi Rodriguez markina-xemeindarra hirugarren izan zen zapatuan [urtarrilak 28] Bordelen (Frantzia) jokatutako Powerlifting modalitateko lehen Pirineotako Kopan. Podium horregaz, Espainiako txapelduna da Maguregi. Powerlifting modalitatea potentziako kirol bat da, hau da, pisua altxatzearena, ohi baino tarte laburragoan, adibidez, halterofiliagaz alderatuta.
Modalitate honetan hiru ariketa egiten dituzte parte hartzaileek: kukubilkatze, press banka eta pisu hila. Hiru ariketetan altxatako pisua hartzen da kontuan. Maguregik 150 kilo altxa zituen sentadilletan, zortzigarren markarik onena lortu zuen; 95 kilo press bankan, bigarren sailkatu zen eta 180 kilo pisu hilean, hirugarren kopururik handiena. Guztira 93,31 puntu lortu zituen markina-xemeindarrak.
Irabazlea Mtahilde Rosset izan zen 101,50 puntugaz, bigarren Marina Soyer Bardi 93,77 puntugaz eta hirugarren Maguregi. Txapelduna eta txapeldunordea frantziarrak izaterakoan, Espainiako txapeldun izendatu zen markina-xemeindarra: “Oraindik egindakoa asimilatu behar dut, lanak emaitzak ematen ditu. Inoizko nire txapelketarik onena egin dut”.