Oskoz-Ruiz de Larramendi eta Iturriaga-Galeano bikoteak nagusitu dira Etxebarrian
Atzo [urtarrilak 29] goi mailako bi partidaz gozatu ahal izan zuten herritarrek.
Ados Pilota elkarteak antolatutako bosgarren jardunaldiko jaialdia jokatu zen atzo [urtarrilak 29] Etxebarriko frontoian. Maila goreneko bi partida handi eskaini zituzten pilotariek herritarren gozamenerako.
Lehen partidan azken orduko aldaketa bat egon zen. Maddi Barrokalek min hartuta ezin izan zuen partidua jokatu eta bere ordez Leire Oskoz jantzi zen zuriz, aurreko koadroetan Olatz Ruiz de Larramendigaz bikote eginez. Aurrelari gazteak partida borobila osatu zuen bere atzelariaren nagusitasuna baliatuz. Etxebeste eta Andrea Capellan atzetik egon ziren markagailuan ia uneoro, hurbiltzeko aukera gutxirekin gainera. Azkenean, 22-12 nagusitu ziren Oskoz eta Ruiz de Larramendi, partidarik galdu gabe jarraitzen dute bost lehia jokatu eta gero. Etxebestek eta Capellanek, berriz, garaipenaren zapore gozoa ezagutu gabe jarraitzen dute.
Bigarren lehia askoz berdinduagoa izan zen, sailkapenak ere hori islatzen zuen. Nor baino nor gehiago aritu ziren Andrea Aldaraegia eta Ane Mendiburu eta Iera Iturriaga eta Leire Galeano. Partida orekatu eta berdindua izan zen, batez ere lehen tantoetan, erdira arte. Horrelako partida estuetan xehetasunek ezartzen dute aldea, eta hala izan zen. Hain zuzen ere, Iturriagak sakeagaz egindako minak zabaldu zuen tartea markagailuan urdinen alde. Azkenean 22-18 nagusitu ziren. Garaipen horregaz, Iturriagak eta Galeanok aurrea hartzen diete aurkariei sailkapen orokorrean.