Jon Mandiola markina-xemeindarrak Dania Beach Invitational txapelketa irabazi du
Markina-Xemeingo eta Mutrikuko bost puntista aritu dira Estatu Batuetan.
Daniako, eta oro har Estatu Batuetako, ametsak bizirik dirau. Daniak puntista gazte onentsuenak elkartu ditu Invitational txapelketan, eta tartean parte hartu dute Markina-Xemeingo eta Mutrikuko bost puntistek: Gorka Mugartegi Atain II eta Jon eta Danel Mandiola markina-xemeindarrak eta Mikel Mancisidor ‘Manci’ eta Eñaut Urreisti mutrikuarrak.
Biderik arrakastatsuena Jon Mandiolak osatu du, Thomas Urrutiagaz bikote osatuz irabazi baitu txapelketa. Final handian Iturbide eta Oyhenard izan zituzten aurrean. Partidaren hasiera orekatua eta berdindua izan zen. Nahiz eta markina-xemeindarrak eta Donibane-Garazikoak lehen abantailak lortu 1-3 aurreratuz, markagailua irauli zuten gorriek 5-4 jarri arte. Urrutiak Aimar Aldazabalegaz egin zuen bikote Berriatuko Pro-Am txapelketan, irabazi zuten eta Gernikako Jai Alai Winter Seriesean parte hartu zuten. Goi maila hori erakutsi zuen, jokoan sartzen zen bakoitzean erritmoa aldatzen baituen.
Mandiolak bikain eutsi zuen atzeko koadroetan eta 6 eta 9koan tanto bikaina eginez. 7-13 aurreratuta ezin izan zuten partida amaitu, aurrelariak sakeko falta egin zuen eta beste bi akats egin zituen partida estutuz. Baina lehia berdindu zenean Iturbidek eta Oyhenardek akatsak bildu zituzten bata bestearen atzetik. Zuzenean alde egin zuten Mandiolak eta Urrutiak 21. tantora arte.
Maila eman dute. Lea-Artibaiko puntistek maila handia erakutsi dute Danian. Finalean ate joka geratu ziren Atain II eta Manci. Haien artean neurtu zituzten indarrak hirugarren eta laugarren posturako partidan. Mutrikuarrak, Zulaikagaz bikote osatuz, markina-xemeindarra eta Laduche hartu zituzten mendean 15-7.