Lekittoko Deabruek urteurrenaren balorazio "ezin positiboagoa" egin dute
Hamar urteko ibilbidea aztertzen duen dokumentala ikusgarri dago.
Urte berezia izan da Lekittoko Deabruentzako, hamar urte bete dituzte, eta urteurrena behar bezala ospatzeko hamaika ekintza egin dituzte urtean zehar. Ospakizun denak borobiltzeko, ‘Mingorri, Lekittoko Deabruen 10 urteko sugarra’ dokumentala estreinatu zuten urte amaieran. Orain, denentzako ikusgarri jarri dute.
Normalean, data horietan elkartzen dira elkarteko kideak urteko balorazio bat egiteko, baina “hainbeste ekintzagaz eta estreinaldiagaz” apur bat atzeratu behar izan zuten. Etxebarriko Antsotegi Hotelean bildu ziren deabruak. Arin jarri ziren ados, balorazioa “ezin positiboagoa” izan zen: “Pandemiak gogor kolpatu gintuen, baina inoiz baino indartsuago itzuli gara. Martxan jartzea ez zen erraza izan, baina urteurrena horrela ospatzea jaso genezakeen oparirik onena izan da”.
Urteko erradiografia orokorra osatu zuten, urteurrenean egindako ekintza denak laburbilduz. Asko izan dira, askotarikoak. “Izugarriena Lekeitioko herriaren eta herritarren erantzun bikaina izan da, horregaz geratzen gara”, nabarmendu dute Lekittoko Deabruek. Piroteknia ikastaroak herritar asko erakarri zituen, izen ematea itxi behar izan zuten eta guzti. Lekeitioko Kale Antzerkian eskainitako ‘Hamar urtez hamaika sugar’ ikuskizuna erabateko arrakasta izan zen, Kalekako ekimenik arrakastatsuena izanik. Azkenik, dokumentalak eman dio urteurrenari merezitako amaiera, borobila itxi dute.
Deabruak elkartu zirenean, jolas modura, egin beharreko galdera jaurti zuten: zein izan da zure momenturik gogokoena? “Bakoitzak bere unerik bereziena esan zuen, azkenean bakoitzak berea izan zuen. Taldeko kide berriek, esate baterako, haien lehen ikuskizunean bizitakoa nabarmendu zuten. Beteranoagoek, berriz, Kale Antzerkiko ikuskizunagaz geratu ziren. Ikuskizunagaz baino, egun horretan bizitakoagaz, prestakuntza lanetik hasita eta amaitu ostean egindako jaia amaitu arte”. Ekintza bakoitzak, gainera, herritarrei emateaz gain, herritarrengandik jaso dute. 2022an zazpi kide berri elkartu ziren Lekittoko Deabruetara. Hori gutxi ez, eta beste asko dira interesa dutenak eta galdezka daudenak.
Aurrera begira. Lekeitiarrak atzera begira jarri ziren, baina baita aurrera begira ere. 2023 urteko erronkak zehaztu zituzten, “beti bezain gogotsu jarraituko dugu, ilusio bera mantenduz”. Zo-Zongo perkusio taldeagaz elkarlanean ari dira ikuskizun berri bat prestatzen. “Bi taldeek ibilbide luze dugu, bakoitzak espresatzeko modu bat dugu eta erronka ederra da biak batzea, azken batean, batera indarrak biderkatzen ditugu”. Hitzari aurreratu diotenez, maiatzean edo ekainean aurreikusten dute Lekittoko Deabruek ikuskizun berria estreinatzea.