Kantuz eta umore onez bete dituzte Santa Ageda bezperako errondak
Eztarriz sano dabiltzala erakutsi dute santa eskean atera direnek. Berriatuan, baserriz baserri joan dira, eta ongietorri beroa egin diete bizilagunek, pandemiak eragindako hiru urteko hutsunea atzean utzita.
Kantuan esnatu da eta kantuan amaitu gaur Santa Ageda bezpera. Euskal Herriko usadio zaharrak ehunka lagun bildu ditu gaur [otsailak 4, zapatua], herriz herri, auzoz auzo… Inork ez du galdu nahi izan hitzordua, are gutxiago azken hiru urteetan bizi izandako hutsunearen ostean. Izan ere, Berriatuko koplariek gogoratu duten modura, aurreko hiru urteetan ezin izan dira usadiozko errondak eta kalejirak nahi modura egin.
10:00etan zeukaten hitzordua jarrita berriatuarrek, eskola aurrean. Koplari, trikitilari, pandero-jotzaile, boltsero, koruko abeslari,… ilusioz atera dira guztiak, ilusioz eta zalantzati ere bai, hiru urteko geldialdiaren ostean etxeetako bizilagunek zelan erantzungo zuten jakin arte. Julen Sololuze, Imanol Aldazabal, Iñigo Goienola, Joseba Goienola, Joseba Koldo Basterretxea eta Maren Basterretxea koplariak bi taldetan banatu dira. Errepidearen goiko aldera joan dira batzuk eta Milloiko aldera egin dute beste batzuek. Eztarriak ezeze, umorea ere bizi-bizi dutela erakutsi dute, eta beste modu baten izan ezin zitekeen modura, baserriz baserriz harrera beroa egin diete.
Markina-Xemeinen MAXEn ekimenagaz bat egin dute goizean ume, gazte eta nagusiek. Plazabarripen batu dira 11:30ean, eta lehenengoko entsegua egin dute bertan, adar hotsa entzun ostean. San Roke egoitza izan dute lehen geralekua, eta egoiliarrek eta beharginek pozik hartu dituzte kantuan zetozen bisitariak. Iratxe Ibarra eta Oscar Alberdi aritu dira koplatan, geldialdiz geldialdi umorea zabaltzen, hotz xamarra zen giroa epeltzen.Â
Gogotsu. Mutrikun, Aulestin, Amoroton, Etxebarrian, Ispasterren, Lekeition, Mendexan, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren ere eztarriz sano dabiltzala erakutsi dute, oles eginez.