Sarai Larrinaga eta Aratz Martinez, Bizkaiko txapeldun eta azpitxapeldun disko jaurtiketan
Durango Kirol Taldeko atleta etxebarritarrak 20 urtez azpikoetan eta absolutuetan lortu du garaipena, 38,27ko aurtiketa eginda; talde bereko atleta ondarrutarrak 18 urtez azpikoetan lortu du zilarra, 28,78ko jaurtiketagaz.
Bizkaiko neguko jaurtiketa luzeen txapelketa jokatu da gaur [otsailak 4, zapatua], Durangoko Landakoko pistan. Emakumeek goizean izan dute saioa, eta bertan, Durango Kirol Taldeko Sarai Larrinaga Lejardi etxebarritarrak beste garaipen bat lortu du: podiumaren gorenera igo da, 38,27ko disko jaurtiketa eginda. 20 urtez azpikoetan ezeze, absolutu mailan ere bera izan da irabazlea.
Arratsaldean lehiatu dute gizonezkoek. 18 urtez azpikoetan aritu dira Durango Kirol Taldeko Aratz Martinez Ibaibarriaga ondarrutarra eta Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeko Eritz Murelaga Zabala disko jaurtiketan. Martinezek, 28,78ko jaurtiketagaz, zilarrezko domina eskuratu du bere lehen txapelketan. Marka pertsonala metro bat eta 53 zentimetrotan hobetu du. Muregala laugarren sailkatu da, 20,42ko jaurtiketa eginda. Marka pertsonala 20 zentimetrotan hobetu du Tximistako jaurtitzaileak. Artunduaga taldeko Ivan Miranda Citores izan da irabazlea, 30,84ko marka pertsonalagaz.
Martxoan egingo da Euskadiko Txapelketa, eta gutxieneko marka daukatenek edukiko dute parte hartzeko aukera.