Galdakao-Usansoloko ospitalean pediatria eta arrisku baxuko erditzeetarako zerbitzuak eskaintzeko eskaria abiarazi dute
Barrualdeko ESIko herritar talde batek abiarazi du ekimena; banakako sinadura bilketa egiten ari dira Internet bidez, eta 60tik gora ikastetxek, guraso elkartek eta talde feministek bat egin dute eskariagaz, tartean, Lea-Artibaiko hainbatek.
Galdakao-Usansoloko ospitalean pediatria eta arrisku baxuko erditzeetarako zerbitzuak eskaini ditzaten eskatzeko Pediatria eta erditzeak Galdakao-Usansoloko Ospitalean ekimena sortu du Barrualdeko ESIko herritar talde batek: “Osasun Sailak iragarri duenez, Galdakao-Usansoloko ospitalea handitu eta berritzeko inbertsio handia egingo du. Ekarriko dituen aldaketetan artean, baina, ez da aipatu ez pediatria zerbitzurik, ez arrisku baxuko erditzeak artatzeko gunerik. Historikoki, zerbitzu horiek ez eskaintzea izan da gure eskualdeko osasun-arretaren gabezia nabarmenetariko bat. Ginekologiako zerbitzu bat badugun arren, ez dago ez pediatria zerbitzurik ez erditzeak artatzeko gunerik”. Banakako sinadura bilketa hasi dute change.org plataformaren bitartez.
Eskaera egiteko emandako arrazoien artean azpimarratu dute pediatria eta arrisku baxuko erditzeak oinarrizko zerbitzuak direla, herritar guztiena eta herritar guztientzat den ospitale publikoa dela Galdakao-Usansolokoa, eta zerbitzuok ezartzea “osasun ekitatearen aldeko neurri bat” litzatekeela. Era berean, eremuz ESIrik zabalena den Barrualdeko biztanleentzat, distantziagatik hurbilena da ospitale hori, eta zerbitzu horietan arreta “indibidualagoa, tratuz hurbilagoa, ezagunagoa eta euskaldunagoa” izango litzateke. “Eta emakumeon osasunerako onuragarriagoa den eta emakumeok ahalduntzeko erditze-espazio eta erditze-eredu humanizatuagoa eta genero perspektibatik arreta landuagoa behar eta nahi dugu”.
Atxikimenduak. 60tik gora ikastetxek, guraso elkartek eta talde feministek babesa agertu diete. Besteak beste, Ondarroako Zaldupe eskolako Honar ahua guraso elkarteak, Institutuko Abantin guraso elkarteak eta Zubi Zahar Herri Ikastolak, Amorotoko, Berriatuko eta Etxebarriko eskoletako guraso elkarteek eta Munitibarko Txopitturri Guraso Elkarteak, Markina-Xemeingo Bateratze Guraso Elkarteak, Ziortza-Bolibarko Markola Guraso Elkarteak eta Aulestiko eta Lekeitioko mugimendu feministek, Markina-Xemeingo Morelarre, Etxebarriko Emare eta Lekeitioko Potxuak Martxan talde feministek bat egin dute eskaeragaz.
Gogoratu dutenez, Barrualdeko ESIak 70 herri hartzen ditu bere baitan, Bilbo handian, Duragaldean, Busturialdea-Urdaibain, Lea-Artibain, Arratia-Nerbioin eta Aiaraldean kokatuak, eta 310.000 biztanleri ematen die zerbitzua erreferentziazkoa den Galdakao-Usansoloko Ospitaleak.
Diotenez, aipatu ospitalean pediatria eta arrisku baxuko erditzeetarako zerbitzuak ez edukitzeak “zuzeneko eragina” dauka Barrualdeko ESIaren osasun-arretan. Batetik, eskualde horietako umeek ospitaleko larrialdi bat edo ospitaleratze bat behar dutenetan, Gurutzetako Ospitaleraino jo behar dute, eta, ondorioz, gurasoak “etengabeko joan-etorriak egitera derrigortuta daude”, haurrek gurasoen presentzia behar-beharrezkoa baitute egoera zaurgarri horietan. Bestetik, haurdun daudenek “ez dagokien eta ezezaguna zaien” beste ESI bateko ospitalera joan behar izaten dute erditzera: Gurutzetako Ospitalera, adibidez. “Horren aurrean, emakume askok erabakitzen du ospitale txikiago batera joatea bertan eskaintzen zaizkien erditze eredu indibidualizatuagoen bila. Dena den, ospitale horietan eskualde horietako pazienteek dute lehentasuna, eta gerta daiteke, erditze egunean lekurik ez bada, beste ospitale batera joan beharra edukitzea”, argudiatu dute.
Era berean, azaldu dute azken urteetan, haurdun dauden emakumeek “gero eta eskaera handiagoa” egiten dutela erditze “gizatiarragoak, indibidualizatuagoak, errespetuzkoagoak” eta erditze-prozesuan emakumeen autonomiaren aldekoak eskatzeko. Eskaera eta neurri horiek, “ikerketa zientifikoek indartu” dituztela uste dute, horiek bermatzen dituztelako gomendio batzuk “onuragarriak” direla amaren eta haurraren osasunerako. Erditze-ereduaren aldaketa horiek “pixkanaka gauzatzen” ari dira, eta ospitaleetako erreferentziazko protokoloetan gomendio berriak sartu eta zenbaitetan espazioak egokitu dituzte, eta materialak eta baliabideak erditzeko eremuetara ere egokituz doaz.