Helmugakeko kideek 9.000 euro eman dizkiote Aspanovas elkarteari
Egitasmoko kideek iazko ekintzetan batutako dirua eman diote elkarteari; hiru urtean 23.000 euro inguru bideratu dizkiote Aspanovasi. Aurten ere egingo dituzte ekintzak.
Helmugak proiektuko kideek iaz gauzatutako ekintza solidarioetan batutako diru guztia eman diote Aspanovas Bizkaiko minbizidun haur eta nerabeen gurasoen elkarteari. Egitasmoak 9.000 euro bildu zituen herriz herri egindako bideo emanaldietan, uztailean egindako Agertxo Pirata 2.0 jaialdian eta Internet bidez egindako diru bilketa kanpainan. Eta diru hori guztia da elkarteari eman diotena.
Helmugak egitasmoko kideak barikuan izan ziren Aspanovasen egoitzan. «Iazko erronka, abentura eta etapei itxiera bat ematea izan zen asmoa», azaldu du Ander Txakartegi Helmugaken bultzatzaileak.
Txakartegik beste behine ere ondokoa azpimarratu nahi izan du: «Helmugak denok gara, ez ni bakarrik. Zenbat eta jende gehiago izan, orduan eta politakoa da dena».
Herritarrek babestuta. Aspanovaseko kideek esku zabalik hartu zuten Helmugaken diru ekarpena. Hala, gogorarazi dute hiru urtean Helmugakek 23.000 euro inguru bideratu dizkiola elkarteari. «2020an 12.000 euro bildu genituen. 2021ean, proiektu txikiekin 1.500 euro pasatxo lortu genituen, eta horiei iaz lortutakoa gehitu behar zaie».
Txakartegigaz batera, Aspanovasen egoitzara joan ziren baita ere Ager Aldazabalen senideak, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua eta ekintza solidarioetan lagundu duten Berriatuko beste herritar batzuk, tartean Berriatuko Satorzulo gaztetxeko ordezkariak. «Ekintzak egin ahal izateko, sukaldeko lan asko egin behar izaten dira, eta hori ezinezkoa litzateke herritar askoren laguntza barik. Eskertzekoa da guztien borondatea. Gaztetxeko kideei ere dagokien errekonozimendua eman nahiko nieke. Izan ere, uztailean egin genuen jaialdia egiteko laguntza eskatu genien, eta hala egin zuten».
«Helmugak denok gara». Horren aurrean, Txakartegik beste behine ere ondokoa azpimarratu nahi izan du: «Helmugak denok gara, ez ni bakarrik. Zenbat eta jende gehiago izan, orduan eta politakoa da dena».
Orain artekoak eginda, Helmugaken ekintza solidarioek ez dute etenik. Izan ere, aurten ere orain arteko ibilbideari eutsiko diotela esan dute.
Ekintza solidarioez gain, Helmugakekoek kirol proba ezberdinak ere burutuko dituzte. Etzi hasita, Mediterranean Epic mendi bizikletagaz egiteko proba egingo du Txakartegik.