Ondarroako Etxelilan 114 emakumek izena eman dute Lilatoian parte hartzeko
2022an 78 korrikalarik izena eman zuten eta talde handienaren saria lortu zuten.
Donostiako Lilatoiak martxoaren 5ean ezarri du hitzordua, eta urtero legez, Ondarroako Etxelilatik taldean joateko deia egin zuten. Herriko emakumeek ez dute hutsik egin, eta inoiz baino emakume gehiagok izena eman dute, 114 lagunek, zehazki. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak zorionak luzatu ditu: “Ondarroako Udaletik zorionak ematea eta Etxelilaren proiektuan sinisten eta inbertitzen jarraitzea baino ez zaigu geratzen”.
Ondarroako Udaletik adierazi dutenez Etxelilak garrantzi handia du herriko emakumeen ahalduntze prozesuan eta “horren erakusle da martxoan beteko dituen 10 urtetan zer nolako lana egin den bertatik: Jabekuntza Eskola, ikastaroak, eztaibaida guneak… Espazio horietako bat da Aringaingan taldea, Arantza Burgoa Agirregomezkortak zuzendutako korrika taldea”.
2022an 78 lagunean eman zuten izena Etxelilan Lilatoira joateko, eta lasterketako talde handienaren saria jaso zuten. “Aurten ere egongo ote da horrelakorik?”. Etxelilan izena emateko aukera amaituta dago jada, baina nahi izanez gero aukera dago oraindik Lilatoian izena emateko.
Aipatutako datuak lortzeko egin beharreko lanak erdigunean jarri nahi izan ditu udalak, hala nola, egitasmoak sustatzea eta emakumeen ahalduntze prozesuetan sakontzea. Bestalde, Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak eguneroko lanketa nabarmendu nahi izan du: “Bai udaletik, bai Emakumeen Kontseilutik eta bai Etxelilatik egunero-egunero alor guztietan egiten den lanketari esker ari gara helburuak lortzen. Bidea luzea da oraindik, baina gure alorretik beste alor guztietan eraginez lortuko dugu behin betikoz kaleak berdintasunean hartzea eta Ondarroa feministagoa izatea; Etxelilan Lilatoirako egon diren izen emate kopurua da horren erakusle”.