Quincoces, maila handian Espainiako Txapelketako hiru probetan
Nahia Quincocesek Mendiko Eskiko Espainiako Txapelketa lehiatu du Euskal Selekzioagaz. Sprint kategorian laugarren, bertikalean bosgarren eta bakarkakoan bigarren sailkatu da mendexarra.
Nahia Quincocesek goi-mailan lehiatu zuen, asteburuan, Mendiko Eskiko Espainiako Txapelketa, Panticosan (Aragoi). Mendexarrak, barikutik domekara, hiru saiotan parte hartu zuen, Euskal Selekzioaren koloreekin: barikuan, sprint mailan aritu zen; zapatuan, bertikalean; eta, domekan, bakarkakoan. Emaitza bikainak lortu zituen denetan sprintean laugarren postuan amaitu zuen; bertikalean bosgarrena izan zen; eta bakarkakoan lortu zuen bere posturik onena, bigarrena.
Nahia Quincoces: “Sentsazio oso onak eduki nituen, eta hori emaitzetan islatu zen”
Espainiako Txapelketen “balorazio bikaina” egin du Mendexakoak: “Sentsazio oso onak eduki nituen, eta hori emaitzetan islatu zen. Oso gustora nago eskuratutako hiru postuekin, baina, batez ere, domekakoagaz”. Izan ere, bota baten lokarria apurtu egin zitzaion Quincocesi, bakarkako lasterketako bigarren postua defendatzen ari zela. Traba hura “zelan edo halan” konponduta, bigarren postuari eutsi zion helmugan.
Quincocesek ibilbidearen “gogortasuna eta edertasuna” nabarmendu ditu: “Inguru alpetarra eduki genuen uneoro; niri bikain egokitzen zaizkit tankera horretako ibilbideak eta, beraz, gustura aritu nintzen. Ondo nekien txapelketara egoera fisiko onean iritsiko nintzela, batez ere, Causiat Extremeko garaipenaren ostean; dena dela, Espainia mailako partaidetza puntakoa izanda, jakitun nintzen podiumean sartzea gaitza zela”.
Asteburuan, Hego Euskal Herriko Mendiko Eski Txapelketako bigarren proba lehiatuko du, Isaban
Datorrenaren esperoan.
Espainiako Txapelketak utzitako aho zapore eta sasoi fisiko onagaz, Quincocesek Hego Euskal Herriko Mendiko Eski Kopako bigarren proba lehiatuko du datorren asteburuan; Isaban (Nafarroa) izango da, eta lidertza defendatu beharko du mendexarrak, Candanchun lehiaturiko estreinako proban nagusi agertu ondoren.
Denboraldiko helburu nagusiaz galdeturik, argi du: binakako distantzia luzeko Munduko Txapelketa. “Oraindik urrun dago, baina horixe izango da neure erronka nagusia aurten”.