Gorabideko langileek greba egingo dute, bihar
Enpresaren posizioa aldatzen ez bada, akordioa lortzeko behar diren greba egunak deituko dituztela adierazi dute.

Gorabideko langileek greba egingo dute bihar [otsailak 8], Gorabideko Zuzendaritzaren inposaketaren eta negoziatzeko borondate ezaren aurrean; eskualdeko Berriatuako, Markina-Xemeingo eta Ondarroako egoitzak barne. Gorabideko langileok borrokan lelopean, manifestaziorako 10:00etan ezarri dute hitzordua, Bilboko Gorabideren bulego nagusiaren aurrean.
Enpresa batzordean dauden ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitu dute lehen greba eguna eta, egoera aldatu ezean, mobilizazioek jarraituko dutela adierazi dute. “Enpresa honetan 600 pertsona baino gehiagok egiten dugu lan, eta aniztasun funtzionala duten 5.000 pertsona ingururi eskaintzen dizkiegu gure zerbitzuak”.

Iturria: Gorabideko langileak
Gorabidek eskaintzen duen zerbitzu publikoaren titulartasuna Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Sergio Murillo Gizarte ekintza Saileko arduradun nagusiaren ardura da. Sindikatuek adierazi dutenez gorabideko zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazio blokeatu du. “Langileok, erantzukizun ekintza batean, gutxieneko plataforma bat proposatu diogu espresari”, hauek dira proposatutako aldarrikapenak: erosteko ahalmenari eustea bermatzen duten soldata igoera, zuzeneko arretan %40tik gorako behin behinekotasuna gutxitzen dituzten neurriak, lan egonkorra eta kalitatezkoa eta lan talde osoarentzako kontziliazio neurriak.
Lan baldintzak. Enpresak kontziliazio neurriak “larriki” murrizten dituen lan egutegia ezarri diotela salatu dute. Gainera, lan baldintzen okertzeaz gain, erabiltzaileei ematen dioten zerbitzuaren kalitatea ere okertu egin da: “Horren isla dira zentroen egungo baldintzak; janariaren kalitatea, osasun arreta, langile falta, zuzeneko arretako langileak ez ordezkatzea eta artatzen ditugun pertsonen aisian eta denbora librean murrizketak, tartean.”
Langileek salatu dutenez egindako lanaren ondoren ahanzturan erori dira: “Gogoratu nahi dugu Gorabideko langileok funtsezkoak izan garela pandemiaren bi urte hauetan, gure inplikazioa eta erantzukizuna uneoro erakutsiz, eta enpresak gure lana aitortu beharrean, uko egiten diola lan taldearekin akordio batera iristeari”. Hortaz, ozen adierazi dute enpresaren posizioa aldatzen ez bada, akordioa lortzeko behar diren greba egunak deituko dituztela. “Zerbitzu publikoa saltzen digute, zaintza bera eta langileen lan baldintzak bigarren mailan utzita”.