Ahaztuen Oroimena elkarteak memoria ibilbideak osatu ditu Markinaldeko Frontean
Etxebarrikoak aurkeztu dituzte, informazio panelak jarri dituzte lau tokitan.
Ahaztuen Oroimena elkarteak Gogora (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) babesagaz eta Etxebarria, Markina-Xemein edo Berriatuko Udalen ekimenagaz memoria ibilbideak osatu ditu Markinaldeko Frontean. Lehen lerroko gerra frontea osatzen zuen zatietako bateko gertaerak testuinguratu eta ondorengoratze transmisioan bultzatzeko asmoz, informazio panelak jarri dituzte.
Memoria ibilbide horiek, gertaera, leku eta informazio orokorra jasotzen duten laginak dira, herrietako gune ezberdinetan kokatu dituzte, eta hori gutxi ez, herri bakoitzari egokituak. Orain arte Etxebarrikoak eta Berriatukoak aurkeztu dituzte eta aurrerago Markina-Xemeingoak aurkeztuko dituztela jakinarazi dute elkartekoek.
Etxebarrian, bidegorriko ur jolas eta skategunearen inguruan, besteak beste, herrigunetik guda lerroa bere baitan hartzen zuten muinoak identifikatzeko informazio panel panoramikoa jarri dute. Txomin ostatuaren aurrean Zelaietaren deshobiraketak, testigantzak eta inguruko 1936ko gerraren gertaeren kokapen orokorraren inguruko informazioa jarri dute. Intxaurbietan, Zulueta baserria eta Akarregi bitarteko laugunean, berriz, 1936ko urriaren 21eko borrokaldiaren kontaketa egin dute. Errepublikazaleek, Akarregi ingurutik, Egixarreko zelaietaraino egindako erasoaldia azalduz. Belarroko ametrailadore kabian bigarren lerroa osatzen duten defentsa gunetako bat izan zen eta gaur egun oraindik osorik dago bertako zelaian.
Berriatuan, bi gune jarri berri dituzte, horietako lehena, herrian bertan, herriko gertaera nagusiak jaso eta laburbiltzen dituena; bestea, Asterrikan, mendi edo lehen lerroko kokapenekin lotura zuzenagoa duena.