Markina-Xemeingo autobus geltoki berriaren azterlanak ezezko erantzuna jaso du herritarrengandik
226 erantzun jaso ditu udalak, horietako 181 aurkakoak izan dira. Horrez gain, ideiaren kontrako bi sinadura bilketa ere egin dira.
Markina-Xemeingo autobus geltoki berriak zeresan handia eman du herrian. Geltoki berri bat egiteko “betidanik mahai gainean” egon den kokaleku bat oinarri hartu zuen udalak: Atxondo kiroldegi alboan. Azterlan bat gauzatu zuten beste eragile batzuekin elkarlanean, eta ondorio nagusiak bildu zituzten. Horren inguruko herritarren iritziak jaso nahi izan zituzten, eta beste batzuetan egin bezala, prozesu parte-hartzaile bat jarri zuten martxan. 2.500 eskuorri banatu zituen udalak etxez etxe. “Proposamen horren inguruan ekarpenak jasotzea izan da helburua”, adierazi dute.
Udal ordezkariek argi utzi nahi izan dute udaletik ez dutela geltoki berriaren inguruko inolako erabakirik hartu. “Prozesua martxan jarri da Bizkaiko Foru Aldundiak proiektua lantzeko eta horretara funts batzuk bideratzeko asmoa erakutsi duelako, baldin eta horrela nahi bada. Prozesu honek balio izan du hausnarketa planteatzeko eta herritarren iritziak jasotzeko”.
Banatu zituzten 2.500 esku orrietatik 226 erantzun jaso dituzte. Autobus geltokia proposatutako tokian kokatzearen kontra agertu dira 181, eta 19 alde. Horrez gain, beste hainbat ekarpen jaso dituzte: proposatutako eremuan beste elementu batzuk gehitzea edo daudenak egokitzea, geralekuentzako bestelako alternatibak bilatzea edota herri barruan autobusaren ibilbidea egokitzea, besteak beste.
Bi sinadura bilketa ere aurkeztu dira. Alde batetik, Esther Ruiz de Austri herritarrak 120 bizilagunen sinadurak jaso zituen geltoki berriaren aurka. Ruiz de Austrik argi du autobus geltoki berria ez dela “inondik inora” ideia ona. “Segurtasunak kezkatzen nau. Duela zenbait urte Markina-Xemeingo puntu beltzen mapa osatu zen eta autobus geltoki berriko tunela zen horietako bat. Geltokia herrian egon behar da”. Beste alde batetik, Hemen Be Bai merkatari elkarteak 46 iritzi aurkeztu zituen. Horietatik 41ek desadostasuna agertu zuten udalak proposatu duen kokapenaren inguruan. Herriko dendarientzat “kaltegarria” izango zen autobus geltoki berria. “Gaur egungo kokalekuan autobusa hartu baino lehen eta ostean herritarrek inguruko saltokietan erosketak egin ahal dituzte. Horrez gain, gure eguneroko bezeroen segurtasuna ere arriskuan ikusten dugu, ez dugu uste toki segurua denik”.
Udal ordezkariek esan dute udalak entzun egin duela “herritarren ahotsa”, eta eskertu egin nahi izan die prozesuan parte hartu duten herritar guztiei. “Jasotako proposamen guztiak aztertu eta baloratuko dira, beraien bideragarritasuna aztertuz”. Horrez gain, jakinaazi dutenez, lurraldeaz arduratzen den batzordean mahai gainean jarriko dituzte proposamenak.