2.467 sinadura lortu dituzte Lekeition, ospitaleetarako zuzeneko autobus zerbitzua eskatzeko
Lekeitiotik Gernika-Lumoko ospitalera eta handik Galdakao-Usansolora joateko eta itzultzeko zuzeneko autobus zerbitzua da eskatzen dutena. "Lekeitio moduko herri batek ospitaleetara zuzeneko autobus zerbitzua eduki beharko luke. Lehentasunezko gaia da".
Lekeitio moduko herri batek ospitaleetara joateko zuzeneko autobus zerbitzua eduki beharko lukeela iritzita, sinadurak batzen hasi ziren. Ekimenaren bultzatzaileetako batzuk dira Jabi Goitia Azurmendi, Irantzu Akarregi Erkiaga eta Martin Ibarrolaza Zabala lekeitiarrak, eta garraio publiko duina edukitzea herritarren eskubidea dela aldarrikatu dute. Sinadurak Lekeitioko udaletxean aurkeztu dituzte.
Alde batetik, azaldu dute autobusez Gernika-Lumoko ospitalera iristeko ordubeteko bidea egin behar dela; autoz ordu erdiko bidea dela diote. Ospitale horrek, baina, zerbitzu gutxi dituela eta ospitaleratzeko aukerarik ez duela diote. “Beraz, kasu askotan gaixoak Galdakao-Usansoloko ospitalera bideratzen dira. Gernika-Lumoko ospitaleak ospitale baten zerbitzu guztiak emango balituzke, inguruko herrietako osasun arreta asko hobetuko litzateke”. Baina Gernika-Lumoko ospitalak osasun etxe batek bezala funtzionantzen duela diote.
Lekeitioko Udalak 2019an esan zuen Lekeitio Gernika-Lumoko eta Galdakao-Usansoloko ospitaleekin lotzeko autobus lineak hobetuko zituztela. Lau urte beranduago, egoera oraindik ere txarragoa dela diote sinatzaileek
Bestalde, Lekeitiotik Galdakao-Usansoloko ospitalera joateko bi orduko autobus bidaia egin behar dela diote. Gainera, bidaia hori bihurgunez betetako errepideetan zehar egiten dela salatu dute. “Joan-etorria egiteko lau ordu inguru behar dira. Ondorioz, gehienetan azken aukera izaten da autobusez joatea; autoa edo taxi zerbitzua aukeratu behar izaten dugu”, esan dute sinatzaileek.
Gaineratu dute, askotan, bidaia luzea ez egiteko, bidaiatu behar dutenen senideek, ezagunek edota lagunek lan orduak galdu behar izaten dituztela. “Askotan, laguntzen pertsona bi joan behar izaten dira. Bat nagusiarekin egoteko eta bestea aparkatzen joateko”.
Hain zuzen ere, Galdakao-Usansoloko ospitalean aparkatzeko dagoen zailtasuna ere azpimarratu nahi izan dute. “Kontsulta orduen saturazioa dela eta, zailtasun hori kontuan hartu behar da. Aparkatu ahal izateko denborarekin joan behar izaten da”. Udan, gainera, arazoa gehiago handitzen dela diote. “Handik bueltan Lekeition ere aparkatzeko zailtasuna egoten da, udan herrian jende gehiago egoten da eta”.
“Agintari politikoak ibilgailu pribatuen erabilera gutxitu nahian dabiltza. Baina hori lortzeko beharrezkoa da udaleko agintarien eta erakundeen konpromisoa”
2019an Lekeitio-Bilbo zuzeneko autobus linea ezarri zenean, udalak esan zuen Lekeitio eta Gernika-Lumo eta Lekeitio eta Galdakao-Usansoloko ospitalerako autobus lineak hobetzeko lanean jarraituko zutela. Eta sinadura bilketa bultzatu dutenek hori ere mahai gainean jarri dute. “Lau urte eta gero okerrago jarraitzen dugu. Linea horiek hobetu barik jarraitzen dute, eta proportzioan, gero eta gazte gutxiago eta nagusi gehiago daude herrian”. Hala, urteek aurrera egin ahala, egoera okertzen joango dela diote. “Garraio zuzenak bizi kalitate hobea ematen du, eta oso beharrezkoa da herriarentzako; lehentasuneko gaia da”.
Gaineratu dute nahiz eta garraio publikoa indartzeko diru-laguntzak ematen ari diren, ematen diren alternatibak erabiltzaileentzako “erosoak eta erakargarriak” izan behar dutela. “Agintari politikoak ibilgailu pribatuen erabilera gutxitu nahian dabiltza. Baina hori lortzeko beharrezkoa da udaleko agintarien eta erakundeen konpromisoa”.
Udan jende gehiago. Gaur egun Lekeitiok 7.150 biztanle dituela eta udan oraindik ere jende gehiago egoten dela azaldu dute. “Horrelako herri batek ospitaleetara joateko zuzeneko autobus zerbitzua eduki beharko luke. Urte askoan ezagutu dugu zerbitzu hori hobetu gabe. Herriarentzako lehentasunezkoa da linea hori lortzea”.
Horren aurrean, garraio publikoren zerbitzuak ez diela onurarik ematen diote. “Zenbat eta erabilera handiagoa eman, ingurumenari ere kalitate hobea ematen zaio. Herritarron eskubidea da. Gaixo eta nagusiei kalitatezko zerbitzu duina eman behar zaie. Eta errepide neketsuetan zehar denbora bikoitza irauten duen ibilbidea ez da kalitatezko zerbitzua”.