Ander Aldazabal da Lekeitioko EH Bilduren alkategaia
"Arreta gehiegi ipini da Lekeitiorentzat ezer ez osasungarria den turismo ereduan", dio.
Aldazabalek «sorpresaz» hartu du aukera, baina, era berean, esan du “ardura handiagaz eta ilusioz” ematen duela aurrerapausoa. «Betidanik sinistu dut auzolanak daukan garrantzian, eta horretan ibili naiz herriko hainbat dinamikatan».
Suhiltzailea da eta duela bost urtetik, Amandarri triatloi taldeko lehendakaria da. “Ni ez naiz inoiz egon erakunde politikoetan, eta hortxe ikusten dut egin ahal dudan ekarpenik handiena; herritarron ikuspuntua udalera eramatea”, esan du. Alkategaiak dio “oso arduratuta” dagoela herriak hainbat arlotan azken urteetan izan duen “atzerakadarengatik”. Herriko “kultura eta euskararen erabilera” jarri ditu adibide moduan. “Arreta gehiegi ipini da Lekeitiorentzat ezer ez osasungarria den turismo ereduan, albo batera utzita, gazteek etxebizitza duina eskuratzeko dituzten ezintasunak, herri-ekonomiaren eta komertzio txikien bultzada, mugikortasun prekarioa, osasun zerbitzuen pribatizazioa…”.
Horreri guztiari “buelta ematea” dute helburu, baita erronka berriei aurre egitea. “Begi-bistan ditugu erronka ekosoziala eta energetikoa, berdintasunaren erronka, zaintzarena… Horre gain, Maderaseko lursailetan herritarrekin batera erabaki beharko da bertara begirako proiektua”.