Josu Arrizabalaga: «Euskara asko aldatu da herrian»
Itsasoari errotik lotuta egon da betidanik Ondarroa. Horren isla ukaezina da hizkera. Belaunaldiz belaunaldi aldatzen doan arren, erroari eusten diote, euskarari.
Zelan hasi zinen proiektuagaz?
Kuriositate batetik abiatu zen. Gure gurasoek erabiltzen zituzten berba eta esamoldeak guk ez genituela erabiltzen ikusi nuen. Bitxia iruditu zitzaidan, eta apuntatzen hasi nintzen. Transmisioa apurtuta zegoela ikusi nuen. Hortaz, belarria erne izaten nuen, bai etxean eta baita kalean ere.
Zein zen hasiera batean zure helburua?
Hasiera baten ez nuen helburu finkorik, informazioa jasotzea zen. Materiala bilduz joan nintzen, eta jubilatu nintzenean, informazioari erabilera eman behar niola pentsatu nuen. Baina lehenengo traba zen hori zelan bideratu, zein forma eman. Hor sortu zen hiztegia sortzeko ideia. Nire aurretik ere lan hori eginda zeukaten askok, Jose Mari Belero edota Agustin Zubikarai tartean. Ondarroan ere Kirmen Uriberen amak egindako lanak aurkitu nituen. Aurretik egindako lanak aztertu nituen, hutsetik ez hasteko.
“Transmisioa soilik ahozkoa denean, galtzen joateko arriskua dauka”
Hasiera batean, hiztegia zen eta ondoren, elkarrizketak etorri ziren.
2006-2007 inguruan, egindako lanak osatzeko asmoz hasi nintzen elkarrizketak egiten. Elkarrizketa asko egin nituen, batez ere bi profil hautatu nituen; batetik, arrantzaleak eta, bestetik, emakumeak. Elkarrizketak hizkuntza aldetik lantzeko baliabide gisa erabiltzea planteatu nuen hasiera batean, baina zelan bizi ziren, zelan pentsatzen zuten, zein ogibide zeukaten… bildu nuela ikusi nuen.
Lan etnografiko bat bilakatu zen. Baina zein garaitako Ondarroa erakusten du?
Batetik, hiztegi bat neukan, baina baita duela 80-100 urteko pentsamendua eta herritarren bizipenak ere. Arrantzaleek itsas kontuak kontatzen zizkidaten, berba eta hizkuntza aberatsa zegoen beraien hizkeran, lehorrean geundenek ez genituen horietako asko ezagutzen. Baita emakumeen egiten zituzten lanak ere bai, itzalean zeuden lanak. Gerra garaiko kontuak ere sortu ziren, errepresio garaiko Ondarroa. Erlijioak eduki zuen eragina, sexua zelan bizi zuten, zelako hartu-emana zeukaten gurasoekin,.. garai bateko irudia.
«Hamalau berba aurkitu ditut arrain multzo bati erreferentzia egiteko»
Berba batetik istorio bat, formatua sortu zenuen, eta eskuragarri jarri.
Berba batetik abiatzen nintzen, hiztegian ere horrela bildu dut. Hitza ondarrutarrez, euskara batuan, eta ondoren, horren atzetik etorritako istorioak. Behin lana eginda, nire iloba Eñaut Agirre Arrizabalagak sortu zuen webgunea, informatikaria da.
Itsasoak eragin zuzena dauka Ondarroako berbetan?
Bai, hainbat faktorek eragiten dute kasu horretan. Familian egiten zen bizimodua, etxe berean bizi ginen guraso, seme-alaba eta aitona-amonak, egunerokotasuna elkarrekin eginez, hizkuntzaren transmisioa zuzena zen. Gaur egun, familien egitura ezberdina da, nagusiekin hartu-emana urriagoa da, hortaz, zuzeneko transmisio hori galduz joan da. Gainera, haurrak 10-11 urtegaz lanean hasten ziren, itsasoari lotutako ogibideetan, hortaz, nagusiekin hartu-emana zeukaten. Orain, bizimodua aldatu egin da, itsasoagaz dagoen lotura gutxituz doa, itsas lanbideak ez dira hainbeste burutzen. Hortaz, aldaketa horiek eragina eduki dute hizkuntzan.
Guk esango genuena; Honek umionek gosi akar. Gure gurasoek; Hau umiau gose ra.
Hizkuntzak aldaketa handia jasan du?
Transmisioa soilik ahozkoa denean, galtzen joateko arriskua dauka. Euskara asko aldatu da Ondarroan, baina euskara asko egiten da Ondarroan, eta eutsi egiten diogu horri, hori baloratu egin behar da. Lanketagaz hasi nintzenean, gauza arruntetan aldaketa nabaria zen, adibidez, guk esango genuena; Honek umionek gosi akar. Gure gurasoek; Hau umiau gose ra.Garai batean transmisioa zuzena zen, orain etenaldi bat eman da, esan bezala, familia ereduak eta ogibideak ekarri duen aldaketak kontuan izanda. Gure hizkuntzatik gure seme-alabengana aldaketa handia egon da.
Lana egin bitartean, bitxikeria askogaz topo egingo zenuen.
Egindako elkarrizketetan bitxikeria asko aurkitu ditut. Adibidez, sarda arrain multzo bat da. Ondarroako arrantzaleen artean hamalau berba aurkitu ditut arrain multzo bati erreferentzia egiteko, motaren, kantitatearen eta egoeraren arabera. Sarda atunaren familiako familiak elkarrekin talde txikian doazenean esaten da, sergeri sarda ikaragarria da, baina jaten daudenean; barbala hegaluze taldea handia martxan doanean, gorrixe sardina edo antxoari erreferentzi egiteko, oraindik ur azalera bistaratu baino lehen. Aberastasun ikaragarria dago hor.
Zelakoa esango zenuke dela Ondarroako hizkera?
Ondarroa erabat itsasoari begira bizi izan da betidanik. Alde batetik, ondarrutarra hizkuntza oso aberatsa dela esan genezake. Gure gurasoek itsasoko berbak egunerokotasunera eramaten zuten, metafora bezala erabiliz. Itsasoko berben figurak erabiltzen zituzten, adibidez, norbait diruz ondo zebilenean, kordabotan. Tretza erriatzea gauza erraza zen, berez egiten zena, tretza-botan dabil esaten zen norbait eroso zebilenean.
Herri bat, eta berba egiteko hainbat modu.
Pertsona bakoitzak garrantzi ezberdina ematen dio hitz egiterakoan. Batzuek ideiari ematen diote garrantzia, besteek zelan adierazten duten ideia hori. Adierazteko moduak daukan garrantziaren arabera, hizkuntza aldatu egiten da, herri berean izanda ere. Gauza berdina esateko aldaerak daude. Familia batzuetan iribixa erabiltzen zen, beste batzuetan batiu. Sinonimo asko eta asko ditugu. Pena bat da erabilera faltagatik galtzea.