Aitor Basterretxea da Ondarroako EAJren alkategaia
Basterretxeak esan du zerrendaburu izateko proposamena "poz handiz" jaso zuela eta Ondarroaren alde lan egitea "ohorea" dela beretzat. Ondarroako EAJk aho batez erabaki du alkategaia Basterretxea izatea.

Basterretxeak adierazi du “erronka handia” daukala eskuartean, baina ziur dago osatuko duen taldearekin batera lana “ondo baino hobeto” egiteko gai izango dela. Hain zuzen ere, talde anitza osatu nahi du Basterretxeak, “herri arrantzaleko errealitate ezberdinak irudikatu eta ordezkatzen dituena”.
Programa osatzeko eta datozen urteetako lan ildoak zehazteko datozen asteetan herritarrekin eta herriko eragileekin batuko dela aurreratu du Basterretxeak. “Herritarrek inork baino hobeto dakite herrian zer daukagun eta herriak zer behar duen”. Gobernantza estilo “irekia” landuko duela ere aurreratu du. “Herriaren interesak defendatzeko, herritarren partaidetza ezinbestekoa da herriaren eraikuntzan”.
Oro har, “elkarlana, gertutasuna eta gardentasuna” bere lanaren oinarri izango direla dio. “Erronka berriak ditugu aurrean eta herritarrek eguneroko bizitzan dituzten arazoei aurre egin behar diegu: garbitasuna, etxebizitza, irisgarritasuna, gazteria…”.
Taldekideek esan dute Basterretxeak herrigintza gustoko duela eta Ondarroaren alde lan egiteko erronka “arduraz eta motibazio handiagaz” hartuko duela. “Ideia eta proiektu berritzaileak eta ausartak ditu”.
Basterretxearen ustez herriko udal gobernuan “gaztetasuna eta freskotasuna falta” dira. “Bada garaia hautsak astindu eta udala martxan jartzeko. Proiektu berrien alde egin eta belaunaldi berriei beraiena den etorkizuna eraikitzen lagundu behar die udalak, proposamen zehatzekin eta plangintza landuekin”. Bide horretatik, esan du Ondarroako EAJ hasita dagoela herriko gazteak Ondarroan geratzeko eta bareian bizi-proiektuak bertan garatzeko proiektuak lantzen. Bestetik, adinekoentzako Ondarroa atseginagoa eta irisgarriagoa izateko proposamenak ere badituztela dio.
Ondarroak aldaketa behar duela dio. “Denbora daramagu ikusten EH Bilduren lantaldea ez dela hitzemandakoa betetzen ari. Udalak herriak aurrera egiteko aukera gehiegi galdu ditu. EH Bilduren hiru agintaldiren ostean aldaketa esanguratsurik ez da ikusten herrian”. Taldekideek esan dute Basterretxeak herrigintza gustoko duela eta Ondarroaren alde lan egiteko erronka “arduraz eta motibazio handiagaz” hartuko duela. “Ideia eta proiektu berritzaileak eta ausartak ditu”.
Basterretxeak eskerrak eman nahi izan dizkie alderdikideei beregan jarritako konfiantzagatik. Eta orain arte Ondarroako EAJren zerrendaburu izan den Maria Dolores Etxano Varelari esker bereziak eman nahi izan dizkio.
Basterretxeari buruz. Jaiotzez ondarrutarra, Filosofian lizentziatua da Basterretxea, eta gaur egun sustapen arduraduna da Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAn. 2019az geroztik, Ondarroako udaleko zinegotzia da.