Erantzun ona izan du Markina-Xemeingo Landare Azokak
Landare mintegietakoek azpimarratu dutenez jendeak harrera ona izan du, eta erosketak "polito" joan dira.

Landare haztegiak, bertoko ekoizleen produktuak eta artisauen postuak, eskaintza nonahi egon da urteroko hitzordua bilakatu den Markina-Xemeingo Udalak Lea-Artibai Landa Garapenagaz elkarlanean egiten duen Landare Azokan. 30 postu egon dira Zelaian, eta jendeak ez du hutsik egin.
Landare mintegien zortzi postu egon dira, bertan, besteak beste, zuhaitzak, landareak, loreak, frutalak eta apaingarriak eskaini dituzte. Goiztiarrak azoka irekiaz batera hurbildu dira urteroko hitzordura, eta zer nahi duten ondo finkatuta izanda, zuzenean joan dira nahi zuten landareen bila. Maruri Jatabetik (Bizkaia) urtero etortzen dira Ataune ustiapenekoak, eta jendeak polito erosi duela esan dute: “Hamaikak aldera jendez lepo egon gara, eta hori seinale oso ona da, pozik gaude jendeak izandako erantzunagaz. Salmentak ‘polito’ joan dira, eta azpimarratuko nuke jendeak oso argi izan duela zer nahi zuen, eta horrek gauzak asko errazten ditu. Pozik etortzen gara urtero Markina-Xemeingo azokara, eta jarrai dezagun etortzen”.
Ogiak, gozoak, gaztak, mermeladak, ahatekiak, txerrikiak, txakolina, sagardoa, pasta ekologikoa edota eztia, bertoko produktuak saltzen dituzten 17 postu ere egon dira. Eguraldia lagun izanda, ohi baino jende gehiago animatu dela adierazi dute Markina-Xemeingo Baskaranekoek: “Azoka txikia da baina jende asko dabil gaur, eguraldiak asko baldintzatzen ditu azokak, eta gaur zortez eguraldi ona dugu. Jende dezente dabil eta pozik gaude horregaz”.
Era berean, Landare Azokagaz batera, herriko Hemen Be Bai merkatari elkarteak merkatu txikia outlet feria egin dute Zelaian; panpinak, egurrezko materialak, poltsak, zilar eta larruzko pitxiak eta bordatutako osagarriak egiten dituzten bost artisauek hartu dute parte azokan.






























