Nagusitasuna berretsi dute
11-22 nagusitu dira txapelketako lidergoan dauden Elordi eta Zabaleta.

Markina-Xemeingo Uni frontoiak esku pilotako binakako txapelketako 12. jardunaldiko partida hartu du gaur [otsailak 11]. Nor baino nor gehiago aritu dira Aitor Elordi eta Jose Jabier Zabaleta eta Unai Laso eta Josu Eskiroz, azken honek min hartuta dagoen Ander Imaz ordezkatu du. Partida ikusgarri bat ikusteko aukera izan dute hurbildu direnek, eta lidergoan dagoen bikotearen nagusitasuna berretsita 11-22 nagusitu dira Elordi eta Zabaleta.
Bizi-bizi hasi da partida, mallabiarra gogotsu atera da eta aukerak aurkitu ahala sartu da jokoan, Lasori estualdiak eraginez, baina ondo erantzun du honek. Lehenengo tantoak paretsuak izan dira, baina 4-10 eko abantaila lortu dute urdinek. Zabaletak atzeko koadroetan dominatu du, Eskiroz ezinean aritu da atzelari eta lagunaren indarraren aurrean. Aurreko koadroetan Laso bere bikote berriari laguntzen saiatu bada ere ezinezkoa izan da eta Elordik aukerako pilotak aurkitu ditu aurreko koadroetan nahi bezala errematatzeko.
6-11koa lortu dute Lasok estutu baitu aurreko koadroetan, baina Laso txapeldunak bere talentuaren printzak eman baditu ere oso urrunetik sartu behar izan da jokoan, errematatzerakoan zailtasun askoz gehiago izanez. Elordi mallabiarraren lehenengo binakako txapelketa da baina kantxa dominatzen duela erakutsi du, eta gaur erakustaldi ederra eman du bere bikoteagaz batera. 7-19ko abantaila lortuta, partida bideratu dute. Azken tantoa baino lehenago estualdi bat ere izan da, Lasok horma jo eta min hartu baitu, baina errekuperatu eta kantxara bueltatu da. 11-22 bukatuaz partida.
Aretxabaleta. Markina-Xemeingo eskuz pilota elkarteak Andoni Aretxabaletari omenaldi txiki bat egiteko aukera aprobetxatu du, eta partida baino lehenago txalo artean hartu dute herritar, pilotari eta zaleek Andoni Aretxabaleta pilotari ohia.



























































