EH Bilduren zerrendaburuek erronka handiei "indarrez eta arduraz" erantzuteko asmoa agertu dute
Lea-Artibaiko EH Bilduren zerrendaburuek eta Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak agerraldia egin dute Markina-Xemeinen.

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburu izango diren Lea-Artibaiko hautagaiek aurrean dituzten “erronka handiei ilusioz, gogoz, indarrez eta arduraz” erantzungo dietela esan dute Markina-Xemeinen egindako agerraldian. Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaia alboan zutela, gobernantza hierarkikoagaz amaitu eta gobernantza herritarra, kooperatiboa bultzatu behar dela azpimarratu du Iratxe Lasa Arana Markina-Xemeingo EH Bilduren zerrendaburuak.
Bizkaia anitza eta zabala dela esan du Casanovak, eta lurralde polizentrikoa nahi dutela azpimarratu du. “Orain arte begirada estua egon da Bizkaiko instituzioetatik; Bilbon zentratuta egon dira. Guk, eskualde bakoitzaren garapena bultzatu nahi dugu. Eskualde guztiei euren nortasuna aitortu eta bakoitzari bere eredu sozioekonomikoa garatzeko baliabideak eman behar zaizkio, eta horretara gatoz gu. Bide horretan, Bizkaiko instituzioak bide lagun izan behar dira”.
Casanovak esan du Lea-Artibain baliabide kolektiboak daudela, “aukerak handiak” daudela. “Lea-Artibain beti egon da indarra. Jakinduria eta gauzak egiteko kultura dago eskualde honetan. Gure ustez Lea-Artibain anbizioz jokatu behar da”.
Casanovagaz batera, ondokoak dira agerraldian parte hartu duten Lea-Artibaiko EH Bilduren zerrendaburuak: Andoni Lariz (Ziortza-Bolibar), Irati Urberuaga (Aulesti), Joseba Goienola (Berriatua), Iratxe Lasa (Markina-Xemein), Ander Aldazabal (Lekeitio), Urtza Alkorta (Ondarroa) eta Arkaitz Goikoetxea (Munitibar).