Elurra eta urrea: Nahia Quincoces, asteburuan nagusi
Nahia Quincocesek garaipena lortu du Bandres-Karolo Memorialeko bi probetan eta sailkapen orokorrean. Zapatuko garaipenagaz, Hego Euskal Herriko Mendiko Eski Kopako lidertza sendotu du; domekan, kronoigoerako Euskadiko Txapeldun izendatu da.

Asteburu borobila izan da Nahia Quincoces mendi eskiatzaile mendexarrarentzat. Zapatu-domekan, Bandres-Karolo Memorialean aritu da, Izaban (Nafarroa), eta lehiaturiko bi probetan garaipen sendoak eskuratu ditu.
Zapatuan, lineako proban parte hartu zuen eta, 2.37.43ko denbora behar izan zuen ibilbide “zoragarria” osatzeko, Quincocesek azaldu duenez: “Inguru menditsua, elur bikaineko eta oso ederra izan zen zapatuko probakoa, eta sentsazioek ederto erantzun zuten; beraz, uneoro segurtasunez aritu nintzen”.
Zapatuko proba, gainera, Hego Euskal Herriko Mendiko Eski Kopako bigarren lasterketa baliagarria izan zen; aurreko asteko lehenengoan ere garaipena lortu zuenez, Quincocesek txapelketako lidertzan jarraitzen du, zapatuan eta aurreko astean bigarren sailkaturiko Igone Camposen aurretik. Hirugarren eta azken proba Potesen lehiatuko dute, baina liderra ez da bertan izango: “Laponiara joango naiz, lasterketa batera; tamalez, ezingo dut lidertza defendatu”.
Aurreikuspen barik.
Domekan, Euskadiko Kronoigoera Txapelketa lehiatu zuten, Izabako plazatik hasi eta 700 metroko desnibelagaz. Quincocesek, bere modalitaterik “gustukoena” ez den arren, aurreikuspenik eta presiorik gabeko igoera egin, eta berriro irabazi zuen, ostera ere Camposen aurretik. Bi garaipenekin, nagusi agertu zen Bandres-Karolo Memorialeko sailkapen orokorrean.