Mutrikuko EH Bilduk herri batzarra egingo du Portuko Plan Bereziaz hitz egiteko
Bilera eguenean [otsailak 16] egingo dute, 19:00etan, Zabiel kultur etxean. Bileraren helburua da udalak abian jarriko duen parte hartze prozesua hasi aurretik koalizioak defendatuko duena zehaztea.
Mutrikuko Udalak abian jarriko duen Portuko Plan Bereziaren inguruko parte hartze prozesuan herriko alderdi politikoek eta herri mugimenduek zer esana edukiko dutela eta, Mutrikuko EH Bilduk alderdikideekin bilera egingo du eguenean [otsailak 16], 19:00etan, Zabiel kultur etxean. Aurreratu dute bileran hurrengo pausoak aurkeztu eta horiek adostuko dituztela.
Azaldu dute gaur egun indarrean dagoen Portuko Plan Berezia ez dela herriaren egungo errealitatera egokitzen eta Eusko Jaurlaritzak berria egiteko asmoa agertu duela. “Horren aurrean, Mutrikuko Udalak parte hartze prozesua jarriko du martxan herriko alderdi, herri mugimendu eta eragile ezberdinekin, guztien ahotsa ezinbestekoa izango baita Plan Bereziaren nondik norakoak diseinatzerakoan”.
Esan dute herri bilera deitu dutela parte hartze prozesuan koalizioak defendatuko duena zehazteko. “Ondoren, zehaztutakoa beste taldeekin bateratu eta herri alternatiba indartsu bat sortzea ezinbestekoa izango da Jaurlaritzaren aurrean irmoki defendatu ahalko da, egoki egindako prozesu baten babesarekin”.
“Portuko Plan Berezia herritar guztien artean erabakitakoa izan behar dela uste dugu. Beraz, herritar guztien parte hartzea eta ahotsa guztiz beharrezkoak dira”
Azpimarratu dute parte hartze prozesuaren helburua dela portuaren etorkizuneko erabilera mutrikuar guztien artean adostea: “Epe motzean emango diren pausoak garrantzitsuak izango dira herriarentzako. Erabakiek herriaren etorkizuna baldintzatuko dute”. Koalizioko kideen iritziz, etorkizuneko Mutrikurentzat garrantzitsuak izango diren oinarriak herritar guztien sentimendu eta iritzia nagusiak kontuan edukita adostu behar dira; oinarriak portuan zer egin eta zer ez zehaztu beharko dutela diote.
Gaiaren garrantzia dela eta, asteon egingo den bileran eta aurrerantzean egingo direnetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak: “Portuko Plan Berezia herritar guztien artean erabakitakoa izan behar dela uste dugu. Beraz, herritar guztien parte hartzea eta ahotsa guztiz beharrezkoak dira”.