Talentua erakarriz, Lea-Artibaiko ongizate maila hobetu nahi dute
Lea Artibai 2030 Plan estrategikoa aurkeztu dute, eta 50 eragile bildu dira.

Lea-Artibai eskualdeko Garapen Ekonomikoaren Plangintza Estrategikoaren aurkezpen ekitaldia burutu da gaur [otsailak 13], Lea Artibai 2030 plana aurkeztu dute. Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua eskualdeko udalerrietako alkateak eta enpresa-ehunaren hainbat ordezkari bildu dira Lea-Artibai Berrikuntza Gunean ospatu den ekitaldian.
Ainhoa Arrizubieta Leartibai Fundazioko zuzendariak eskualdeari buruz egin den diagnostikoaren berri eman du: “Eskualdearen diagnostiko bat burutu dugu, horrela, erroka errealak finkatu eta estrategiaren baitan proiektu ezberdinak definitzeko”.
Planaren helburua eskualdearen garapen ekonomikoari bultzada ematea da, horretarako zehaztutako ibilbide bat finkatuz. Talentua erakartzea eta berrikuntza lantzea ardatzak izango dira, hala nola, eskualdeko jarduera ekonomikoa eta kalitatezko lan aukerak garatuz eta sustatuz. “Ongizate maila handiagoa nahi dugu, jarduera ekonomikoa garatu eta kalitatezko lanpostuak sortzeko, eta horretarako bost proiektu eta hiru iniziatiba landu ditugu”.
Helburuak lortzeko, bost lan lerro ezarri dituzte; eskualdeko industria traktorearen trantsizioa eta lehiakortasuna babestea, arrantza-industriaren eta itsasoaren bilakaera sustatzea, turismo iraunkorra garatzea, enpresa-ehun dinamikoa eta lehiakorra finkatzea eskualdean dauden sektoreetan eta eskualdearen gaitasunetatik abiatuta, gorabidean dauden joera eta sektoreei lotutako jarduera ekonomiko berria sortzen laguntzea.
Aurkezpenari bukaera emateko Ainara Basurko foru diputatuak hartu du hitza: “Egindako lanarekin pozik atera behar gara gaur hemendik. Alde batetik, elkarlanean bide-orri bat finkatu delako, eta, bestetik, Lea-Artibai gobernantza eredu bat delako”. Aurkeztutako plana “lehiakortasunaren bidea” egiteko apustu garrantzitsua dela nabarmendu du, eta lan egiteko moduak bideratuta daudela: “Lea-Artibaiko kapital soziala antolatuta dago”.