Udatxo artista murala egiten ari da Mutrikun
Mutrikuren ondarea eta hezkuntza uztartuko ditu artelanak.

Mutrikuko ikastolako aterpean artelana burutzen ari da Udane Juaristi Ibañez Udatxo artista azkoitiarra. Mutrikuko Udaletik adierazi dutenez aterpea egin zenean, horma erdi frontoi bezala margotu zen eta beste erdia artelan bat egiteko asmoz geratu zen. Udaletik sortu zen ekimena, hezkuntza eragileekin hartu emanean eginda.
Artelana egitea erabakita Udatxorengana jo zuten zuzenean. Artistak argazkietatik abiatuta, collage teknikaren bitartez egindako obra koloretsuak sortzen ditu, batik bat, hiri paisaiak erakusten dituztenak. Hortaz, Mutrikuren ondarea, garai bateko lanak eta hezkuntza uztartuko dituen lan bat sortzeko proposamena egin zioten; hala nola, itsasoa, mendia eta hezkuntza. Lanak abiatu ditu jada, eta ikusi daiteke orain arte egindakoaren irudikapena.