Ur Data proiektua jarriko dute martxan. Helburua "kudeaketa eredu eraginkorra" bultzatu eta udalerri txikiak integratzea direla diote. Proiektua 2025era arte gauzatuko da Lea-Artibaiko eta Busturialdeko 30 udalerritan.
Udalerriak integratzeko eta horiek digitalizatzeko “erreferentziazko kudeaketa eredu eraginkorra” ezarri nahi dute udalerrietan, eta, horretarako, 17.547.313 euroko aurrekontua edukiko dute; 9.994.595 euroko diru laguntza eskatu dute, proiektuaren aurrekontuaren %65.
Proiektua garatzeko eskualdeotako udalerrien errealitateak “aztertuko” dituztela azaldu dute, horietan esku hartzeko helburuak eta estrategiak definitzeko. “Lurraldearen garapen orekatua bilatzen dugu, udalerri txiki, ertain eta handien arteko hornidura eta saneamendu zerbitzuak homogeneizatzeko neurri erabilgarriak bultzatzean oinarrituta”.
Ur Data proeiktuari esker, uraren kudeaketa “eraginkorragoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa” izango dela diote ur partzuergokoek, eta, adierazi dute, baliabide hidrikoak hobeto ulertzea ahalbidetzeko, kudeaketa hobe bat lortzeko eta hornidura erabat bermatzeko “zenbait tresna eta teknologia berri” ezarriko dituztela. Tresna eta teknologia horien artean daude, besteak beste, informazio geografikoari buruzko sistemak, simulazio hidrologikorako sistemak, monitorizatzeko sistemak, datuak aztertzeko tresnak, eta abar.
Lurraldearen garapen orekatua bilatuko dute proiektu berritzaileagaz
Kudeaketan gardentasuna. Egingo diren jarduketak ingurumen eta gizarte hobekuntzekin, behar estrategikoekin eta gatazkak konpontzeko irizpideekin gauzatuko dituzte, “emaitzen iraunkortasuna eta uraren hiri zikloaren erabileran eta kudeaketan gardentasuna sustatzeko helburuagaz”. Hala, arreta jarriko dute zerbitzuaren fase guztietako datuen monitorizazioan, instalazioen “erabateko” digitalizazioan, energia efizientziaren “hobekuntzan” eta teknologia berrien eta sistema adituen txertaketan.
Arduradunek diote proiektuak ekonomia, gizartea eta ingurumena “berriztatzeko” prozesu bat jarri duela martxan, hurrengo alderdietan oinarrituta: kalitatearen, kantitatearen eta zerbitzuaren berme hirukoitza; baliabideen eskaria murriztea eta saneamendu eta arazketa sistema hobetzea; digitalizazio maila desberdinekiko eta premia espezifikoekiko koherentzia; ur masen egoera hobetzea; eta, klima aldaketaren ondorioak arintzeko eta egokitzeko irtenbideak proposatzea.