Zaldi mando eta kintxopeko probak, Ispasterren
Ispasterren zaldi mando proben 37. sariketa eta kintxopekoen 27.a egingo dituzte, bihartik hasita eta datorren martitzenera bitartean.
Ispaster herri kirolen epizentro bihurtuko da. Izan ere, urtero legez, zaldi mando eta kintxopeko probak egingo dituzte herriko probalekuan, Ispasterko Udalak antolatuta. Zaldi mando sariketaren 37. ekitaldia izango da aurtengoa, eta kintxopekoen 27. aldia. Bizkaiko parte hartzailerik puntakoenak elkartuko dira Ispasterren, lau egunez: bihartik datorren asteko martitzenera arte.
Bihar eta etzi, kintxopeko probak egingo dituzte. Hain zuzen ere, Lea-Artibaiko, Busturialdeko nahiz Bizkaiko beste inguru batzuetako partaideek neurtuko dituzte indarrak. Bihar, 21:00etatik aurrera, Aulestiko Ibekohondo, Berriatuko Belaustegi eta Urdulizko Olea ariko dira zein baino zein gehiago; zapatuan, 18:00etan, ostera, Ajangizko Txori, Fikako Gacia Alabak eta Samanoko (Kantabria) Fermin Santamaria.
Martitzeneko proba amaitu ondoren egingo dute sari emate ekitaldia
Orokorren txanda.
Domekatik astelehenera bitartean, proba orokorrak egingo dituzte. Domekan, 18:00etan hasiko da lehiaketa, eta proba horretan ariko da, berriro ere, Belaustegi; beragaz batera, Samanoko Jose Iturriagak eta Lemoizko Pastorenak lehiatuko dute. Astelehenean, Bermeoko Rafa Alegria, Mungiako Goieta Taberna eta Fikako Torrontegi Eraikuntzak izango dira proba orokorreko parte hartzaileak; 20:00etan abiatuko dira. Azkenik, martitzenean, orduan ere 20:00etan hasita, azken proba egingo dute: Jose Iturriaga, Garcia Alabak eta aurten zaldi probetan Bizkaiko nahiz Euskadiko Txapelketak poltsikoratu dituen Nabarniz Jatetxea ariko dira.
Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, txapelketa bietako sariak martitzen iluntzean banatuko dituzte, egun horretako lehiaketa amaitu ondoren egingo baituta sari emate ekitaldia.