Oroimenaren intxaurrondoa landatu dute Berriatuan
2022ko uztailean Berriatuan ospatutako Agertxopirata jaialdian Porrotx pailazoak oparitu zien kimua, Ager Aldazabal eta falta diren gainerako guztien oroimenez.

Haurren Minbiziaren Nazioarteko Egunean (otsailak 15) landatu zuten Berriatuan Oroimenaren Intxaurrondoa bezala izendatutako kimua. Berriatuko Zelaieta kaleko parkean landatu zuten kimua. Landaketan egon ziren, besteak beste, Berriatuko eskolako ikasleak, irakasleak eta hainbat herritar, tartean Ager Aldazabalen senideak.
Agertxopirata jaialdia Helmugak egitasmoko kideek antolatuta eta herritar askoren laguntzagaz egin zen 2022ko uztailean, Ager Aldazabal herritarra omendu eta Aspanovasen alde egiteko. “Gaurtik aurrera gure lagunez oroitzen garen bakoitzean intxaur zaporeko irribarre bat marraztuko da gure ezpainetan”, esan dute Helmugak egitasmoko kideek. Azpimarratu dute intxaurrondoa “bizitzaren alde” landatu dutela. “Zuhaitza ondo zainduko dugu maite ditugun gertukoak, haien bizipenak eta balioak omentzeko zein gogoratzeko”.
Gainera, landaketa Haurren Minbiziaren Nazioarteko Egunean egin zutenez, egun horren helburua zein den ere azaldu nahi izan dute Helmugakeko kideek. “Aurren minbiziari buruzko kontzientzia sortzeko eta minbizia duten haur eta nerabeei, biziraun dutenei zein haien familiei babesa adierazteko eguna dugu”.