Inauteriek eztanda egin dute
Erabateko normaltasunagaz itzuli dira aratusteak eta herritarrak gogo handiz ospatu dituzte txoko guztietan.
Hasi dira Lea-Artibain eta Mutrikun 2023ko inauteriak. Aurten erabateko normaltasunagaz egin ahal izan dira eta hori asko nabaritu da herritarren artean, gogo bereziekin hartu dituzte aratusteak. Etxebarrian, esate baterako, 12:30ean zegoen jarrita hitzordua, baina asko izan dira aurretik etxean ezin egonda kalera irten direnak haien mozorroak erakustera.
Beste urte batez, ez da originaltasuna falta izan, eta urte berezia izanda, herritarrek ahalegin berezia egin nahi izan dute lagunak aho bete hortz uzteko. Batzuek mozorro klasikoengatik egin dute apustua, pailazo, pirata edota rockero ugari egon dira. Baina beste batzuek gogotik pensatu eta landu dituzte mozorroak, Etxebarrian behingoz palomita saltoki bat egon da eta guzti, zineman bezala. Bikote batek hainbeste buelta eman dizkio mozorroari munduari buelta eman diotela 80 egunetan, hain zuzen ere, liburuko Phileas Fogg eta Jean Passepartout protagonistetaz mozorrotu dira. Joaldunek eta Lamiek haien agerpena egin dute ere erraldoiekin batera, harrituta geratu dira umeak. Maila handia egon da aurten.
Denak elkartu direnean, herriko txoko guztiak zeharkatu dituzte desfilean gazte Asanbladaren karro musikatua jarraituz. Izandako ideiak eta egindako lanak erakutsi beharra zegoen. Era berean, bakoitzak bere kontuak egiten hasi da arratsalderako mozorro lehiaketara begira. Hori bai, aldez aurretik indarrak hartu beharra zegoen. 180 herritarrek eman dute izena frontoiko bazkarian. Jesus Iriondo alkatea “oso pozik” agertu da jendearen erantzunagaz: “Gureak inauteri herrikoiak dira eta oso pozgarria da hainbeste jende batzea”. Bazkalostean, Tor Magoak eta Txoborrok hartu dute jai giroa luzatzeko erantzunkizuna.
Jaia. Aulestin goizean goizetik hasi dituzte gaur [otsailak 18] inauteriak. Herritarrak batera jaitsi dira Torrezelaitik plazaraino. Bertan, inauteriri ongi etorria eman diote eta lehiaketara begira, talde bakoitzak bere antzezlana egin du. ‘Lagunak’ek irabazi du gaztetxoen talde onenaren saria, baina aipamen berezia egin nahi izan diote bi izar nagusiei ‘Crocs’-ak, haientzako izan da sari berezia. Lekeition ere gogotik hasi dira ospatzen. Musikak girotu duĀ izandako eguraldia zoragarri, Alai Estudiantinak edota Lekittoko Musika Bandak jarri dute melodia. Hala ere, lekeitiarren egun handia martitzenean [otsailak 21] izango da. Mutrikun atzo [otsailak 25] hasi ziren. Pikomelastos eta Banda Txikiren kalejirarekin, ikastolatik Beheko Plazarako bidea osatu zuten.