Lekeitioko trinkete txapelketa finalaurrekoetan murgilduko da
Latxiondo-Madariaga, Etxe-Gandiagaeta Telleria-Berazak lortu dute asteburuan hasiko diren finalaurrekoetarako txartela.
![](https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2023/02/whatsapp-image-2023-02-20-at-10-05-17-1200x583.jpeg)
Atzo [otsailak 19] Lekeitioko trinketeko XVII. Beteranoen esku pilotako ligaxkako azken jardunaldia lehiatu zen, eta Telleria mallabiarra eta Beraza elgoibartarra nagusitu ziren Gojenola lekeitiarra eta Conde elgoibartarraren aurrean; 30-16ko emaitza lortuaz.
Partidari ekin orduko nagusitasuna erakutsi zuten irabazleek, bai sakea baliatuz eta baita ere jokoa atzean kargatuaz, 11-3ko emaitza eskuratzeraino. Partidaren une horretan, Gojenola eta Condek indarrak baliatu eta aurrera pausu bat eman zuten; Gojenola arriskatzen hasi zen eta asmatu ere egin zuen, tanto politak eskuratu eta 18-10ekoa jarri zuten markagailuan. Hala ere, arriskuak hartzeak beti dakar pilota galtzeko aukera eta lekeitiar aurrelariaren inspirazioa itzali egin zen. Telleria eta Berazak bikain defenditu zuten eta horrela tantoak luzatzea lortu ere, trinketeko teilatua bikain baliatu eta tantoak zuzenean bukatzeko teilatupeko sarea baliatuz. Hain zuzen ere, azken tantoa Telleriak maisutasunez sarera bideratuta lortu zuen.
Gauzak honela, joan itzuli formatura jokatuko diren finalaurrekoetara pasatu diren hiru bikoteak erabaki dira; Latxiondo-Madariaga, Etxe-Gandiaga, Telleria-Beraza bikoteek lortu dute euren txartela domekan jokatuko diren finalaurrekoetarako. Finalaurrekoetako laugarren bikotea aldiz, datorren zapatuan jokatuko den Rober-Egaña eta Goitia-Fosterren arteko norgehiagokako irabazlea izango da.
Akarregi pilota elkarteak antolatutako bost jardunaldiz osatutako ligaxkari amaiera eman diote eta sei bikotek parte hartu dute guztira. Orain, finalaurrekoetan murgiltzeko unea heldu da. Datorren asteburuan, laugarren posturako lehia eta finalaurreko joaneko partidak lehiatuko dira.
Otsailaren 26an 11:00etan, Rober-Egaña eta Goitia-Fosterren arteko partidari ekingo diote, irabazlea laugarren txartela lortuko du. Domekan [otsailak 27], berriz, finalaurreko joaneko partidei ekingo diote. 10:00etan, Telleria-Beraza eta Etxe-Gandiagaren arteko partida jokatuko da, ondoren, 11:00etan Latxiondo-Madariagak zapatuko irabazleen aurka lehiatuko dute.