Maria Egiguren ondarrutarrak 106 urte bete ditu
'Ixiko Maritxu' bezala ezaguna, ondarrutarrak Foruko IMQ Igurco egoitzan ospatu du bere urtebetetze eguna, senide eta abarrez inguratuta. "Hipoakusia izan arren, indartsu eta bizipozez dago".
![](https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2023/02/maria-egiguren-ondarroa-imq-igurco-forua-106-urte-1200x813.jpg)
Egigurenek otsailaren 18an bete zituen 106 urte. Eta egun berezi horretan beragaz egon ziren zentroko profesionalak, Ibon Eizagirre bere iloba eta haren emazte GarbiƱe Urkiola, Miren Gogenola ugazahizpa, beste bi iloba eta Mikel Magunazelaia Foruko alkatea. Iktus bat eta COVID-19a gainditu eta gero, Egiguren “bizi bizi” dagoela esan dute zentroko ordezkariek. “Hipoakusia izan arren, indartsu eta bizipozez dago”.
Egiguren 2020az geroztik dago Foruko IMQ Igurco egoitzan. Urteurrenaren harira, egoitzako profesionalek Egigurenen bizitzako argazkiekin photocall bat osatu zuten (argazkietan ikusgai). “Mariari eguzkia hartzea gustatzen zaio, baita txukun-txukun egotea ere: ilea ondo orraztuta, azazkalak margotuta eta jantzi politekin. Bizitza osoan arrain fresko gozoa jatea gustatu izan zaio. Gaur egun, bisitak jasotzen dituenean, txokolatinak eta bonboiak ditu gogoko”.
Ezagutzen dutenek diote oso katolikoa dela; domekero eta jai egun berezietan joaten zen mezatara. Egunerokotasunean motibazioak eta zaletasunak ere badituela esan dute zentroko profesionalek.
Duela hiru urtera arte Ondarroako Eguneko zentroko erabiltzailea zen Egiguren, eta Foruko egoitzara oporraldietan joaten zen. “Iktusak eman zion, eta IMQ Igurco Forua egoitzara sartzea erabaki zuen”. Zentroan “oso integratuta eta pozik” dagoela diote.