'Belar Hostoak' emanaldia emango dute Markina-Xemeingo Uhagonen
2022ko Loraldia festibalaren eskariz sortutako proiektua da.
‘Belar hostoak’ Txomin Artolak 1978ko Walt Whitmanen ‘Leaves of Grass’ poema liburuan oinarrituta argitaratu zuen lanaren berrinterpretazio bat da. Jon Gurrutxaga artistak abestiei ahotsa jarri dio, eta Antxon Sarasua, Andoni Etxebeste, Dani Venegas eta Urbil Artola musikariekin batera. Ikuskizunean Amaia Lasa olerkariak ere parte hartzen du. Seikotea zapatuan [otsailak 25] igoko da taulara 19:00etatik aurrera Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Emankizunerako sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, 6 euro ikusle orokorrentzako eta 4 euro kulturguneko bazkideentzat.
2022ko Loraldia festibalaren eskariz sortutako proiektua da. “Lan originalaren berrinterpretazio bat da, ‘Belar Hostoak’ originalaren esentzia mantendu, baina, era berean, ikuspegi musikal berri bat emanez”, azaldu dute. Loraldian aurkeztutako formatu berarekin planteatzen dituzte emanaldiak. Hau da, tarteka, abestien artean, Amaia Lasa poetisak Whitmanen filosofia eta poesiari aipuak egiten ditu. “Momentu horiek ere musikatzen ditu taldeak, hasieratik bukaeraraino, etenik ez duen hari berarekin lotuz ikuskizuna”.