Zaintza lanen gainkarga emakumeengan dagoela berretsi du Markina-Xemeinen egindako diagnostikoak
Gero eta gehiago gainkarga hori emakume etorkinengain dagoela ondorioztatu dute diagnostikotik. Jakinarazi dutenez, herritar gutxik erantzun dute inkesta, eta erantzun duten gehienak emakumeak izan dira.
Markina-Xemeingo I. Berdintasun Planaren ildoa jarraituz zaintzen eta bateragarritasunaren inguruko diagnosia gauzatu du udalak. “Helburua da herritarrak zainketen balioaren eta erantzukidetasunaren garrantziaz sentsibilizatzea”. Beharrak identifikatzeko eta zaintza politika publikoen erdigunean jartzeko proposamenak jaso nahi izan dituzte. Hainbat aldagai izan dituzte kontuan, besteak beste, ekipamenduak eta espazioak, zaintzeko denbora, profesionalen eskaerak edota Covid garaiak eragindako premia berriak. “Era transbertsal batean udalerriko zerbitzu eta ekipamenduen mapa bat egin dugu, hauen abantaila eta desabantailak zeintzuk diren ikusteko, eta hauen hobekuntza aukerak zehaztu ahal izateko”.
Jakinarazi dutenez, herritar gutxik parte hartu dute inkesta erantzuten, eta erantzun duten gehienak emakumeak izan dira. Horrek adierazten du gaiarekiko “interesa eta motibazioa” emakumeengan egoten jarraitzen duela. Hain zuzen ere, emakumeak dira profesional gehienak. “Gizonak zaintzaile bezala ikusteko erresistentziak ageri dira. Emakumeek zaintza erantzukizunak lehenesten dituzte beste gauza batzuen gainetik”.
“Markina-Xemein herria txikia izanik, gainera, zerbitzuen arteko informazioaren hartu emana errazagoa da”
Zaintzaile pribatu ugari migrazio prozesuak bizitakoak direla argitu dute. Hauek gehien bat etxeetan egiten dute lan, eta aisialdirako edo formakuntzak egiteko eta hizkuntzak ikasteko “aukera murritzak” dituztela dio diagnostikoak. Zaintza partekatzerakoan sarea erabiltzen dela azaldu dute, familia, lagun sarea (zaintzailearena zein zainduarena; herria bera ere zaintza sarearen parte bilakatzen dela diote. “Markina-Xemein herria txikia izanik, gainera, zerbitzuen arteko informazioaren hartu emana errazagoa da. Hala ere, emakumeei gehiago kostatzen zaie zaintzarako laguntza eskatzea gizonei baino”. Zelan ez, Covid pandemiak eragin zuzena eduki du zaintzan, “ohiturak aldatu ditu eta estrategia berriak sortu behar izan dira”.
“Zaintza lanen gainkarga, gaur egun, emakumeengan dago, eta gero eta gehiago migrazio prozesuak egin dituzten emakumeengan”
Ondorioak atera ostean arazoak identifikatu eta haiei aurre egin nahi diete. Zaintza politika eta lan instituzionalen erdigunean kokatu nahi dute. “Zaintza lanen gainkarga, gaur egun, emakumeengan dago, eta gero eta gehiago migrazio prozesuak egin dituzten emakumeengan”. Markina-Xemeingo Udalak gainkarga hori “murriztu” nahi du eta haien lana “balioan jarri eta aldarrikatu”.
Helburua da migrazio prozesu bat bizi izan duten pertsonen egoera ezagutzea dela diote, “eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa banatzea, espazio seguruak sortzea eta herrietako zaintza- eta laguntasun- sareetan integratzea”. Horrez gain, zerbitzuak eta ekipamenduak garai berrietara egokitu nahi dituzte, zaintza premia desberdinak dituzten eta ahalmen desberdinak dituzten pertsonetara egokitzeko. “Berrikuspen bat egitea beharrezkoa da, zaintza eredu kolektiboago batera joaten lagunduko duten zerbitzu eta espazio batzuk sortuz”.