Helmugak egitasmoa, Bizipozagaz elkarlanean
Ume gehiagori lagundu asmoz, Helmugak proiektuko kideek Bizipoza egitasmoa babestuko dute aurrerantzean. Aurtengo ekintza solidarioa uztailean egingo dute.
Euskara, kirola, natura eta pertsonen balioak uztartu eta abenturak biziaz, ekintza solidarioak burutu eta euren aldarria mundu osora zabaldu. Horixe bera da Helmugak proiektuagaz bat egiten dutenek azalean eta barru-barruan daramatena. 2015ean ekin zioten proiektuari, eta urtez urte, askotariko lorpenak eduki dituzte. Aurten, baina, asmo berriekin datoz: Helmugakek Bizipoza egitasmoaren alde egingo ditu abenturak.
Proiektuko kideek azaldu dute Bizipozarekin elkarlanean hastea «ume gehiagorengana» heltzeagatik egin dutela. «Bizipozak askotariko arazoak dituzten herritarrak biltzen ditu, egitasmoa zabalagoa da. Eta guk ume gehiagorengana heldu nahi izan dugu. Gainera, Aspanovas ere Bizipoza egitasmoan sartuta dago», azaldu du Ander Txakartegi Helmugak proiektuaren bultzatzaile berriatuarrak.
Aurreratu dute Bizipozari ekarpen ekonomikoa egiteko diru bilketa ere abiaraziko dutela, baina oraindik dena ondo zehazten ari direla. Gero, egiten dituzten ekintza guztietan Bizipozaren aldeko aldarria egingo dute Helmugakeko abenturazaleek.
1.106 kilometro, 72 ordutan. Hain zuzen ere, Helmugakek aurten burutuko duen ekintza solidarioa Euskal Herri Perimetrala izeneko erronka izango da: 72 ordutan, 1.106 kilometro egingo dituzte bizikletagaz. «Aurrerago ekintza horri buruzko xehetasun gehiago emango ditugu».
Zehaztu dute Berriatuan egin izan duten «jai handia» bi urtetik behin egingo dutela. Azkena 2022an egin zutenez, hurrengoa 2024an egitea aurreikusten dute.
Elkarlanerako hazia ereinda, aurten burutuko dituzten abenturetarako dena ondo-ondo lotzen ari direla diote; parte hartuko duten proba asko lotuta eduki arren, beste batzuk oraindik ere lotzeke dituztela diote. «Helmugaken helburuetako bat da gure lau baloreak uztartuz, munduko sei kontinenteetan bizikletagaz abenturak bizi eta ekarpen solidarioak egitea. Horri jarraituz, aurten beste kontinente baten zer edo zer egiteko asmoa daukagu». Izan ere, proiektuko kideek bidaiatzen duten herrialde bakoitzean ekintza solidarioa gauzatzen dute, «tokian tokiko beharrizanen arabera». Dena dela, hori guztia oraindik ere ondo-ondo lotu beharra daukatela diote.
Motxilak solidaritatez eta kirol grinez beteta, Helmugakeko kideak gogotsu daude aurtengo erronka guztiei ekiteko eta pedalkadaz pedalkada bizipoza hedatzeko.
2023ko proba batzuk
- Mediterranean Epic. Otsaileko bigarren astean burutu dute.
- Tierra Estella Epic Gravel. Otsailaren 25ean egingo dute, Nafarroako Villatuerta herrian, Lizarraldean.
- Algarve Bike Challenge. Martxoak 10, 11 eta 12, Portugalen.
- La Garba Gravel. Ebroko deltan apirilaren 1ean egingo duten 240 kilometroko proba.
- The Traka Gravel 360 KM. 360 kilometroko proba Gironan (Herrialde Katalanak) egingo dute, apirilaren 25etik 30era.
- Orbea Bilbao-Bizkaia. Maiatzaren 20an, Bilbon.
- Haimar Zubeldia Klasikoa. Maiatzaren 21ean, Zarautzen.
- Igor Antonegaz everesting erronka. Elorritxueta mendian (El Vivero), ekainaren 3an.
- Euskobike. Ekainaren 10ean, Kanpezun (Araba).
- Berriatua-Valentzia bikepcacking. Ekaina bukaeran. Hiru etapatan, 750 kilometroko bidea.
- Euskal Herria Perimetrala (ekintza solidarioa). Uztailaren 20tik 23ra. 72 ordutan 1.106 kilometro
egingo dituzte, Bizipoza egitasmoaren alde. - Tierra Estella Epic BTT. Urriak 7.
- Orbea Gravel Rioja Alavesa. Urriak 29.
Bizipoza irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa da: izaera bereziko gaiak lantzen dituzten eta haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du helburu.
Oro har, Bizipozak bizipoza du misio: hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin eta elkarteekin batera poza partekatzea, euskaraz eta sorkuntzatik. «Elkarte guzti horiek trasmititzen dituzten baloreak gizarteratzea da bizipozaren misioa», diote egitasmoko partaideek.
Bizipozak auzolana du bisio: deneriko herritar, talde eta erakundeek osatutako boluntario sarea osatuz, gizartegintzaren poza bizi nahi dute. «Euskaraz elkartasuna sustatu nahi dugu, auzolanaren bidez bizipoza nagusitu dadin».