Astelehenean hasiko da Jai Alai Women Winter Series
Txapelketa gaur [otsailak 23] aurkeztu dute, eta hiru astelehenez jarraian jokatuko da Durangoko Ezkurdi frontoian. Gizonezkoen lauko finala ere jokatuko da, buruz buru.
Gernika-Lumoko gizonezkoen Jai Alai Winter Series txapelketak edukitako arrakastaren ondoren, Ezkurdi Jai Alai Women Winter Series jaio da: emakumezko puntistak protagonista nagusi dituen txapelketa. Durangoko Ezkurdi pilotaleku berrituak Jai Alai katedralaren testigua hartuko du. Txapelketak emakumezkoen zesta-puntarentzat erreferentzia izatea du helburu.
Lehian ariko diren puntistak: Lizardi-Barrenetxea, Ortiz de Mendibil-Aldazabal, Arakistain-Watkins eta Mugartegi-Lejardi
Partidu guztiak 19:00etan hasiko dira. Hurrengo jardunaldia martxoaren 6an izango da, eta finala martxoaren 13an. Lau bikote ariko dira zein baino zein gehiago, eta tartean egongo da Lea-Artibaiko eta Mutrikuko ordezkaritza: Eneritz Lizardi (Mutriku), Maialen Aldazabal eta Ihart Arakistain (Berriatua), eta Arai Lejardi eta Erika Mugartegi (Markina-Xemein). Pilotari zerrenda Frida Watkins zumaiarrak, Helena Barrenetxea durangarrak eta Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrak osatuko dute.
Antolatzaileek bikote sendoak egin dituzte, ezaugarri nagusi bategaz: pilotarien gaztetasuna; Lizardik da nagusiena, eta 18 urte ditu; gazteenak Mugartegi eta Watkins dira, eta 15 betetzeko bidean daude. Antolatzaileek argitu dute pilotarioi “datozenei bidea irekitzea” dagokiela, “etorkizuneko emakume pilotarien kopurua haz dadin”. Lizardik eta Barrenetxeak osatuko dute “bikoterik sendoena”. Ondokoak dira beste bikoteak: Ortiz de Mendibil-Aldazabal, Arakistain-Watkins eta Mugartegi-Lejardi.
Lehen geltokia, astelehenean [otsailak 27]. Aldazabalek adierazi du “uste baino hobeto” iritsiko dela asteleheneko partidura: “Duela hilabete, tendoi batean arazo bat eduki nuen eta, ondorioz, ez nekien zehatz-mehatz zelan ailegatuko nintzen. Nahikoa argi nuen jokatzeko moduan egongo nintzela, baina ikusteko zegoen neure egoera fisikoa lehiaketak eskatzen duen besteko lehiakorra izango zen ala ez”. Berriatuarra bere herrikide Arakistainen kontra neurtu da; lehenengoak Ortiz de Mendibil edukiko du bikote, eta bigarrenak, berriz, Watkins. “Partidu orekatua” espero du Aldazabalek: “Pareko maila dugu bikote biok. Partidu lehiatua eta gogorra izatea espero dugu”.
Arakistainek norgehiagoka horren “aurreikuspenik eza” azpimarratu du: “Txapelketako lehen partidua izanik, gaitza izango da jakitea pilotari denak zelan dauden. Ziurrenik, urduri egongo gara. Beraz, ikusleei ez diegu begiratuko, kontzentratuta jokatuko dugu, eta seguru partidu ona egingo dugula”. Bere bikoteari buruz galdetuta, Watkinsek “egundoko maila eta erakusteko asko duela” azaldu du berriatuarrak: “Atzelaria izanda ere, bikain moldatzen da aurrean tantoak bukatzen; horrez gain, egundoko segurtasuna ematen dit aurrelari legez”.
Gizonezkoak, banaka. Emakumeen ostean, astelehen bakoitzeko bigarren partidua gizonezkoen arteko buruz burukoa jokatuko da. Antolatzaileek lauko finala antolatu dute, buruz buruko lanean “espezialista handiak” direnen artean. Laurak aritu dira Gernika-Lumoko Winter Seriesen: Aritz Erkiaga (Ispaster), Xabi Barandika (Gernika-Lumo), Imanol Lopez (Zumaia) eta Johan Sorozabal (Miarritz).
Xabi Barandika: “Finalaren osteko bi egunetan nekea igarri nuen bai fisikoki, bai psikologikoki, baina txapelketa berri hau ilusio handiz hartzen dut”
Gizonezkoen lehiaketa Barandikak eta Sorozabalek abiatuko dute. Barandikak argitu du txapelketa berria “ilusio handiz” hartzen duela: “Zesta-puntarentzat beti da onuragarria plaza berriak sortzea, eta kirol hau bizitzen ari den loraldia are gehiago bultzatzeko balioko du. Pozarren nago nigaz kontatu dutelako”. Sorozabal “aintzat hartzeko moduko aurkaria” dela adierazi du Gernika-Lumokoak: “Beharbada, ni baino ohituago dago bakarka jokatzera, nik aspalditik ez baitut formatu horretan jokatu, baina pentsatzen dut lehiakorra izango naizela”.
Aurrelariek buruz burukoan zelanbaiteko abantaila dutela esan ohi da, eta Barandikak alde hori baliatzeko asmoa du: “Jokoaren estiloa hobeto egokitzen zaie aurrelariei, baina, era berean, Lopez moduko pilotariak ere badaude; atzelaria izan arren, aurrean bikain moldatzen da. Gainera, Erkiaga moduko puntista bat egonik, bi horiek hautagai direla esango nuke. Hori bai, pilotaleku berritua ondo egokitzen da neure jokora, eta ditudan aukera denak aprobetxatuko ditut”.