Aiora Ponce: "Emakumeek ditugun beldurrak azaleratzeko modu bat ikusi nuen"
Txikitatik izan du argi artearen mundua zela berea. Munduari barruan duena eskaintzeko erreminta eskuan izanik, barruan duena azaleratzeko ordua da.
Zein da zure ogibidea?
Orkestra emakumea izatea, hau da, ideia garatu, grabatu, zuzendu eta editatu. Nire bideoklipetan prozesu dena nik egiten dut. Hasieratik nire piezak sortzetik hasi nintzen, hortaz, sortze prozesuaren alor guztiak egiten ikasi nuen. Ikus-entzunezko sortzaile moduan definitzen naiz. Baina ez ditut bakarrik bideoklipak egiten, bideo korporatiboak edota argazkiak ere egiten ditut.
Proiektu propio bat daukazu, Azaleratu proiektua.
Gaur gaurkoz emakumeei argazki saioak egitea da Azaleraturen oinarria, baina erreminta bat izatea nahiko nuke emakumeen inguruan berba egiteko, esan nahi dudan hori adierazteko bidea. Nik neuk emakume bezala ditudan eta nire inguruan dauden emakumeek dituzten premiak azaleratzeko proiektu bat; benetan berba egin nahi ditugun gauzak azaltzeko. Autoestimuari, autoezagutzari eta autozaintzari lotutako gaiak landu nahi ditut, emakume ezberdinekin lan egin eta gaiak jorratu. Lan oso pertsonala da. Nik sentitu izan dut emakume erreferenteak falta zitzaizkidala nire esparruan, hortaz, belaunaldi berriei begira ere, aukera eskaini nahi diet beste mota bateko edukia aurkitzeko aukera izateko. Errealitatea ikusteko bide bat izan daiteke.
“Nik neuk ere konplexu egoera asko bizi izan ditut, lanbideari lotuta, adibidez”
Nondik abiatu zen?
Zuriñe Hidalgok antolatzen duen erretiroan egon nintzen 2020an. Bertan, konplexu handia zuen emakume bat ezagutu nuen; bere gorputzarenganako gorrotoa sentitzen zuen. Inoiz ez nuen horrelakorik bizi, eta hunkitu egin ninduen. Bere aitormen baten ondoren galdetu zidan ea argazki saio bat egingo nion, eta niretzat oso indartsua izan zen, erantzukizun handia zen; nire begiradatik ikusi nahi zuen bere burua. Hori izan zen Azaleraturen hazia jarri zuena. Emakumeek ditugun beldurrak azaleratzeko modu bat ikusi nuen, ez soilik fisikoki. Nik neuk ere konplexu egoera asko bizi izan ditut, lanbideari lotuta, adibidez.
Ikus-entzunezkoen munduan bizitakoak?
Hasi nintzenean oso txiki sentitzen nintzen, autoestimu aldetik lanketa handia egin behar izan dut neure buruan sinisteko, nire sortzaile bidean. Duela bost urte ekin nuen, eta gaur egun ere iruzurgilearen sindromea edukitzen dut, gehientsu emakumeok edukitzen dugun sentipena izaten da, hori autoestimuagaz lotuta doa.
23 urtegaz ekintzaile izatea erabaki zenuen.Zeintzuk izan dira aurkitu dituzun oztopoak?
Hasi nintzenean, gaztea izatea eta emakume izatea jada oztopoak ziren. Adinari dagokionez, adibidez, gezurra esaten nuen. Lan bat garatzeko elkarrizketa batera joan eta lehenengo gauza adina galdetu zidan gizonezko heldu batek, eta pentsatu nuen, «zergatik galdetzen didazu adina, denei galdetzen al diezu?», bi bider pentsatu barik, 28 esan nion. Nire adina nire kontra joan zitekeela sumatzen nuen. Gogorra izan zen alde horretatik. Bestalde, mutil lankide oso onak izan ditut inguruan, zorte handia eduki dut, baina gizon matxista batzuekin ere topo egin dut, lan egitea aitzaki hartuta ligatzeko aprobetxatu dutenak, edota lankide gizonezko bategaz noanean zuzendaria gizonezkoa dela pentsatzen dutenak. Uste dut egoera horiek ez direla gizonezkoen egunerokoaren parte izaten.
“Ibilaldiko bideoklipa ikusi dugunean, merezi izan duela sentitu dugu”.
Zelakoa izan da Ibilaldiko bideokliparen grabazioa?
Zoragarria izan da. Hiru lanaldi luze izan dira, baina oso ondo joan dira. Unai Guenaga nire laguna izan dut bidelagun, Nerea Gartziagaz batera. Normalean nire estudioko lankideagaz lantzen ditut nire sormen lanak, baina Oier ez da ondarrutarra, hortaz, Unairi esan nion laguntzeko. Hirurok oso ondo konektatu dugu, talde lan oso polita egin dugu. Ez nuen espero jendearen aldetik horrelako erantzunik izango genuenik, herritarrek prestutasun osoa eskaini digute, eta asko bete nau horrek.
Berezia izan da zuretzat?
Ikastolatik atera nintzenetik ez naiz bueltatu, eta tope egin dut berriz nire irakasle eta oroitzapenekin. Nire txikitako toki konkretu asko ukitu ditut, eta oso indartsua izan da niretzat. Urteak daramatzat Bilbon bizitzen, hortaz, nire txikitako eta nerabezaroko uneetara bueltatzea izan da. Sentipen oso onagaz geratu gara hirurok, lan handia egin dugu, baina Ibilaldiko bideoklipa ikusi dugunean, merezi izan duela sentitu dugu, une bakoitzak.
Pasioa duzu ofizio.
Erabat. Txikitatik izan naiz sortzailea, artista familia batetik nator. Beti ibili izan naiz Artelanen, dantzan, artistikoa ikasi nuen, dena lotuta. Beti izan dut argi artearen mundua zela nirea, gero ikusi nuen argazkilaritza eta bideo mundutik joan nahi nuela. Aitak behin galdetu zidan, «ziur zaude hau nahi duzula?». Bai erantzun nion. Hortik aurrera familiak babestu egin nau. Nire bokazioa da, eta horretan lan egitea niretzat dagoenik eta oparirik handiena izan da. Ekintzailetza masterra izan da, zaila izan da, baina merezi izan du. Arteak ez du jaten ematen esaldia da ogibide honi lotuta dagoena, baina nire familia eta inguruak beti sinistu du nigan, nik nire buruarengan sinisten dudana baino gehiago eta hori ezin da ordaindu, hori da nire babesa.