Gurutze Gorria, ingurumenaren osasuna babesteko lanean
Bizkaiko Gurutze Gorriak ingurumen arloa ere jorratzen du, eta arlo horretan hainbat jarduera egiten dituzte boluntarioek. Besteak beste, hondakinak batzeko irteerak antolatzen dituzte.
Gurutze Gorriak egiten duen lana ezaguna bada ere, ingurumen arloan egiten dituen ekintzak ez diren hain ezagunak. Javier Garaizar Bizkaiko Gurutze Gorriko Ingurumen zuzendariak dioenez, «sozialki arduratsuagoak izateko» landu beharreko beste eremu bat da. «Orain dela 10-15 urte» ekin zioten erronka horri, eta «hazten doan arloa da».
Mendietan, ibaietan eta hondartzetan hondakinak batzeko irteerak, hondakinak biltzeko eta tratatzeko zentroetara bisitak, tailerrak, naturaguneetatik solasaldi eta txangoak… Batik bat boluntarioei zuzenduta dauden askotariko jarduerak antolatzen dituzte.
Ingurumen-hezkuntza. Garaizar jubilatuta dago, eta erakundeko boluntarioa da: «Garapen bidean dagoen saila denez, antolaketa beharra ikusi genuen, eta zeregin horretan hasi berri naiz. Zenbait programagaz kolaboratzen ari gara». Denbora, gogoa eta borondatea dituzten herritarrei boluntario moduan parte hartzeko dei egin die.
Ingurumen-sentsibilizazioa zein hezkuntza bultzatu gura dituzte, eta gogoratu du nazioartetik hasi eta lurralde mailara arte, horretan lan egiteko hainbat proiektu martxan daudela.
Proiektu nagusietako bat Libera dela aitatu du: ekimen honen helburua herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea da, zaborrik gabeko naturaguneak mantentzeko, «plastiko eta bestelako elementu kutsatzaileetatik askatzeko». Hain zuzen ere, euren zenbait irteera testuinguru horretan kokatuta daude.
Beste irteera batzuk ingurumen-hezkuntzagaz lotutakoak dira, Ekoetxea ingurumen-zentroetara eta hondakin-uren araztegietara egiten dituztenak, esate baterako. «Pertsonek ziklo guztiak ulertzea interesatzen zaigu, bai uraren, elikaduraren zein hondakinen zikloak. Orokorrean, Gurutze Gorrikoen boluntarioetara ailegatzea da gure helburua».
Adibidez, Pausoka pertsona nagusien taldeak hainbat jardueratan parte hartzen du: «70-90 urte bitartekoak daude bertan, gehienak emakumezkoak, eta ingurumen arloko irteerak egiten dituzte, beste jarduera batzuen osagarri». Gazteekin elkarlanean ere ari dira. «Bestalde, egutegian aurreikusita daukagun irteeretako batean Urdaibaira joango gara, Undabasoko proiektua ezagutzera», azaldu du Garaizarrek.
Javier Garaizar (Bizkaiko Gurutze Gorria): «Pertsonen, animalien zein ingurumenaren osasuna zaindu behar dugu»
Tailerrei dagokionez, hondakinen kudeaketa zein birziklapenari, uraren erabileraren eta kontsumoari buruzkoak eta erreketako uraren kalitatea analizatzekoak egiten dituzte.
Bizkaiko Gurutze Gorriko ingurumen arloko arduradunaren hitzetan, klima aldaketa, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra, uraren zentzuzko erabilera, hondakinen kudeaketaren zikloak… azaldu gura dituzte jardueretan. Hilabetero bat egitea aurreikusi dute, baina, udan bi asterik behin egin ahal izatea espero dute. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitateagaz lankidetzan, itsasoan, erreketan, eta, oro har, kostaldeko hainbat txokotan pilatzen diren mikroplastikoei buruzko «programa interesgarrian parte hartuko dute.
Bestalde, familia zaurgarrienak babesteko pobrezia-energetikoari buruzko proiektu batean ere badaude, gizarte ekintzagaz koordinatuta–laguntza proiektu hori zuzentzen du–. «Gasaren eta argindarraren fakturak ordaintzeko zeintzuk familiak laguntza behar duten, etxean energia-instalazioa zelan daukaten, kontsumo-baxuko argiteria daukaten etab. ikusten dute».
Bizkaian tokiko hamalau asanblada dituzte, eta ingurumen arloko arduradunen asmoa da eurekin elkarlanean, tokian tokiko jarduerak antolatzea. Gogoratu du ez direla formakuntza konplexuko jarduerak, aisialdiagaz lotutako irteerak dira: «Natura interpretatzen joaten gara, Bizkaiko ingurumena zelan dagoen ikusi etab. Asko hobetu da, baina oraindik ere asko dago hobetzeko, eta uste dut ona dela klima aldaketari aurre egiteko denon artean kolaboratzen aritzea, ahal dugun neurrian eta gure baliabide eta bitartekoek baldintzatuta; adibidez, ura, energia-errekurtsoak, elikagaiak… hobeto kudeatuta».
Alorrez alor, «hazten». Gurutze Gorria pertsona zaurgarrienekin konprometituta dagoela azpimarratu du Garaizarrek. Bizkaikoak 150 urte beteko ditu aurten: «Bizkaian bazkide eta boluntario asko daude. Gurutze Gorria da munduan boluntario gehien biltzen dituen erakunde humanitarioa».
Batik bat larrialdietan eta sorospenean egiten duen lanagatik ezagutzen du jendeak erakundea: anbulantziak, itsas-salbamendua, hondartzetako sorospena, gerretan edo hondamendietan zaurituak artatzeagatik… «Baina, noski, Gurutze Gorrian beste alor edo parte batzuk badaude, eta zorionez, hazten doaz, gizarte ekintza programak adibidez: familia zaurgarrienei laguntza, pobrezia energetikoari aurre egiteko laguntza, elikagaien banaketa, bakarrik bizi direnei laguntza, hezkuntza arloan laguntza, hotz- eta bero-boladetan arreta ematea… Eta horiekaz lotuta dago ingurumenaren garrantzia, pertsonen bizi kalitatean eragiten baitu». Dioenez, pandemian argi ikusi da hori, eta ingeleseko one health (osasun bakarra) kontzeptua aipatu du. «Ez da kontzeptu berria, 20 urte baino gehiago ditu, baina argi eta garbi gaurkotasun gehiago hartu du: pertsonen, animalien osasuna zaindu behar dugu, baina baita ingurumenarena ere; dena dago lotuta».