Kidek Berrikuntza eta Hazkunde Proiektu Onenaren saria jaso du ON Bizkaia sariketan
Beaz elkarte publikoak antolatutako sariketan saritu dute Berriatuko Gardotza industrigunean kokatuta dagoen kooperatiba. Kide Taldeko arduradunek kooperatiba osatzen duten langile guztiak zoriondu dituzte.
Bizkaiko enpresen sustapena helburu duen Beaz elkarte publikoak ematen ditu urtero ON Bizkaia sariak. Sariketaren helburua da Ekonomi Sustapeneko foru sailak lagundutako proiektuek eta enpresek jarduera ekonomikoa eta lanpostuak sortzeko egiten duten ekarpena aitortzea. Eta besteren artean, aurten Berriatuko Gardotza industrigunean kokatuta dagoen Kide kooperatiba saritu dute.
Sari banaketa atzo [otsailak 23] egin zen Bilbon, eta han izan ziren saria jasotzen Agustin Bengoetxea eta Mario Lopez Kide Taldeko presidentea eta kudeatzailea hurrenez hurren. “Kide Talde osoa zoriondu nahi dugu egindako esfortzuagatik, hartutako konpromisoagatik eta egindako lan handiarengatik. Kooperatiba hau osatzen duten pertsona guztiak dira egunez egun hazten eta garatzen jarraitzeko motorra”, esan dute kooperatibako ordezkariek.
Ondokoak izan dira beste sarituak: Vicinay Marine (Trantsizio Digitalaren Proiektu Saria), Bionan (Startup Ibilbide Saria), Beca Grafic(Nazioartekotze Proiektu Saria), Onduline (Trantsizio Berdea Proiektu Saria), eta Trison Necsum (Enpresen Sorkuntza Proiektu Saria).
Kideren ibilbidea. Kide elkarte kooperatiboa 1975eko urtarrilean sortu zen eta hotz industrialeko altzariak fabrikatzen eta merkaturatzen hasi zen. Azken 40 urteetan, enpresa hazi egin da eta Kide Taldea bihurtu da. Gainera, hotz-ganbera, hotz-panel, hotz-ate eta hotz-ekipo propioen gama integrala sortzen duen munduko fabrikatzaile bakarrenetakoa da.
Duela hiru urte produktu berriak merkaturatzen hasteko erabakia hartu zuten, hornitzaile integral gisa balio-proposamena indartzeko eta kanpoko merkatuan zuen presentzia sendotzeko. Azaldu dute erabaki horrek ekoizpen-prozesua berregituratzera behartu zuela. “Orduan, Kidek enpresa gisa erabaki garrantzitsua hartu zuen: bere hiru ekoizpen-instalazioak Berriatuan kokatutako instalazio bakarrean biltzea”.