Mutrikuko Udalbatzak ez du onartu Danborzaleek aurkeztutako mozioa
EH Bilduko zinegotziak abstenitu egin ziren, eta EAJkoek aurka bozkatu zuten; B+Iko zinegotziak ezin izan zuen osoko bilkuran egon. Nahiz eta mozioa ez onartu, portuaren inguruko parte hartze prozesua beharrezkoa dela esan dute bi alderdiek.
Mutrikuko Danborzaleek dikearen luzapena dela-eta mozioa aurkeztu zuten Mutrikuko Udalean, eta hori atzo [otsailak 23] ospatutako osoko bilkuran eztabaidatu zen, eta ez zen onartu: EH Bilduren zazpi zinegotzietatik bost egon ziren osoko bilkuran, eta abstenitu egin ziren; EAJko bost zinegotzietatik lau egon ziren, eta horiek ezezkoa bozkatu zuten, eta Berdeak+Independenteak taldeko ordezkariak ezin izan zuen osoko bilkuran egon. Nahiz eta mozioa onartu ez, Palenzuelak esan zuen gaia bazterrean utzi gabe lanketan jarraituko dutela.
Danborzaleek eskatu zuten mozioaren azalpena eta irakurketa taldeko ordezkari batek egin ahal izatea, baina Joseba Palenzuela alkateak azaldu zuen hori ez zela posible. “Udalbatza Kudeaketa Araudiak ez du hori egiten uzten. Ezinezkoa da. Udalbatza osatzen dugunok irakurri eta bozkatu behar dugu”. Gaineratu zuen araudi horren arabera osoko bilkurak ere ezin zirela grabatu, baina araudia aldatuta, orain posible dela. “Aztertu behar dugu araudi aldaketa bat eginez hitza emateko aukera eduki ahal dugun. Hori aztertu bitartean, gaur gaurkoz ez da posible Mahaiko kide ez den beste batek irakurtzea”.
Danborzaleek mozioaren azalpenean jaso zuten Mutrikuko portu berriaren proiektua aurkeztu zenetik, agitean egon diren alkate eta alderdi politikoek “joera handia” eduki dutela proiektua “herritarren gehiengoak” eskatutako gauza bat balitz bezala aurkezteko. “Eta hori ez da horrela. Besteak beste, 2005ean herri galdeketa eskatzeko 1.000 sinadura baino gehiago aurkeztu zirelako”.
Hasierako azalpenaz gain, mozioaren bidez 2022ko abenduaren 16an dikea luzatzeari buruz egindako herri galdeketaren balorazioa egiteko eta aurrerantzean herrian sortu litezkeen “erabaki estrategikoetan” aurrean herri galdeketa bultzatuko luketen edo ez esateko eskatu diete Danborzaleek Udalbatza osatzen duten alderdiei. Puntu horri beste galdera batekin erantzun zion Xabi Eizagirre EAJko zinegotziak: “Zein da galdeketa hau planteatu eta egin duzuenon balorazioa? Guri datuen irakurketa bat bideratu ziguten, baina ez balorazio bat. Egindako galdeketaren aurrean hori bultzatu duen taldeak irakurketa zabalago bat egin behar luke”. Horrez gain, galdeketako emaitzek ezer berririk ez dutela erakutsi gaineratu zuen. “Guk hasieratik esan genuen galdeketa honi ez geniola biderik ikusten. Ez zegoen inolako adostasunik. Eta denborak arrazoia eman digu. Duela urtebete geunden puntu berdinean gaude orain. Dike hau amaitu egingo da, ez dauka atzera bueltarik”.
Joseba Palenzuela (herri galdeketaren balorazioaz): “Guk egokia ikusten dugu balorazioa kanpoko agente batek egitea. Saiatuko gara bide hori egiten, bestela alderdi bakoitzaren iritzia izango litzateke, partziala”
Palenzuelak esan zuen EH Bilduk ez duela nahi mozioaren azalpenaren balorazioetan sartu: “Ez da orain eztabaidatzen hasteko momentua”. Dena dela, idatzian bere izena aipatzen denez, ondokoa esan zuen: “Oso erraza da testu luze batetik hitz batzuk ateratzea, denok egiten dugu. Baina hitz aukeratu horien atzean hitz gehiago daude. Elkarrizketa hartako mezua ondokoa zen: aurrera begira jarrita, babes dikearen barruan geratzen den eremua etorkizunean nola ikusten dugu mutrikuarrok? Goazen hori definitzera. Goazen herri proposamen bat egitera”.
Udalaren balorazioa egiteko hiru alderdi politikoen iritziak kontuan hartu beharko liratekeela gaineratu zuen. “Guk egokia ikusten dugu balorazioa kanpoko agente batek egitea. Saiatuko gara bide hori egiten, bestela alderdi bakoitzaren iritzia izango litzateke, partziala. Udalaren balorazioa egiteko erpin guztiak kontuan hartu beharko lirateke”.
Xagi Eizagirre EAJko zinegotzia (moratoriari buruz): “Ez dauka zentzurik. Dikea bukatu egingo da, honek ez dauka atzera bueltarik. Hasi gaitezen bigarren fasean lanean”
Herri galdeketak babesteari buruz. Eizagirrek gaineratu zuen EAJ prest dagoela sortu litezkeen erabaki estrategikoetan herri galdeketak bultzatzeko. “Gure hasierako planteamendua garbia zen: dikea bukatu egingo da, honek ez dauka atzera bueltarik, hala eskatu delako eta obrak martxan daudelako. Hasi gaitezen bigarren fasean lanean”. Prozesu hori, baina, adostua izan behar dela gaineratu zuen.
Herri galdeketak babesteari buruz, Palenzuelak ere EAJren ildo beretik jo zuen. “Udalak bere eskumenen baitan burutu ditzakeen gaietan parte hartze prozesuak bultzatzearen alde egingo du beti. EH Bildu modura, parte hartze prozesuak ontzat ikusten ditugu, eta horiek bultzatuko ditugu. Abenduko galdeketan ere egon da parte hartzeko borondatea, nahiz eta gero bakoitzak irakurketa ezberdinak egin. Udalaren eskumeneko gaiak ez direnean, sortu ahal diren herri mugimenduei laguntzeko modua bilatuko da”.
Obren legezkotasuna. Bestetik, Europako Parlamentuko batzordeak dikea luzatzeko obren legezkotasuna aztertu bitartean Jaurlaritzari dikea luzatzeko obrei moratoria bat ezartzeko eskaera egingo dioten ere galdetu dute Danborzaleek. Horren aurrean, EAJko ordezkariek esan zuten obrak martxan daudela Europak onartu duelako. “Gaur gaurkoz horrek legea betetzen du. Kontrakorik esaten ez den bitartean, horrek bere bidea jarraituko du. Moratoria eskatzeari ez diogu zentzurik ikusten. Kontrako txosten bat etorriko balitz, orduan hartuko lirateke bestelako neurriak; Jaurlaritzak hartuko lituzke”.
Erreferendumaren bozkak kontuan hartzen diren bezala, abstentzioaren alde egin zutenak ere errespetatu egin behar direla gaineratu zuen Palenzuelak. “Europak obren legezkotasuna aztertzeari buruz, horrek ez dakigu ze bide eduki ahal duen. Obren moratoria eskatzeko argudio sendoak behar dira, eta guk ez ditugu. Denok nahi ditugu obrek legea eta araudiak beteaz egitea, eta hori zaindu beharko dugu”. Horrekin lotuta, aurreratu zuen datorren astean Portu Zuzendaritzarekin bilera dutela eta obren legezkotasunari buruz ere hitz egingo dutela. “Obren txosten eta baimenak eskatuko ditugu, dokumentuak eskuan edukitzeko. Horrez gain, obrek araudia betetzen dutela ziurtatzen duten agiriak ere eskatuko ditugu. Arretaz jarraituko dugu obren legezkotasuna”.
Azkenik, EH Bilduri eta EAJri udal hauteskundeetan herritarrei informazio “argia eta garbia” emango dioten galdetu diete: “Kanpoko dikearen barrualdean gelditzen den eremua dagoen bezala utzi eta bainu gune publiko bezala errespetatua izan dadin exijituko diozue Jaurlaritzari?”. Eizagirrek (EAJ) esan zuen hori eskatzea “koherentzia falta” dela. “Alde batetik parte hartze prozesu bat, galdeketa bat planteatzen da. Eta, bestetik, mozio berdinean Jaurlaritzari zerbait exijitzeko eskaera jasotzen da. Gure ustez lehendabizi lanketa (iritzi bilketa) egin behar da, eta hortik aterako dira erantzunak”.
EH Bildu: “Guk herri batzarra eduki genuen joan den astean eta han esan zen igerilekuak eta horien inguruan dauden jolas guneak defendatuko ditugula. Horrez gain, dikearen luzapenarekin sortuko den espazio hortan kirol porturik ez egitea ere defendatu eta bultzatuko dugu. Horrekin batera, gaur egun dagoen modura, akuakulturari eskanitako eremu bat egotea ere begi onez ikusten dugu”.
Portuari buruzko parte hartze prozesua egitea behar beharrezkoa dela esan zuten EH Bilduk eta EAJk. Baina prozesu horretan herritar guztiek, antolatuak eta ez antolatuak, parte hartu beharko luketela azpimarratu zuten. “Gehiengoaren iritzia jasotzen saiatu behar gara. Herri guztiaren iritziak tokia eduki behar du prozesu horretan. Prozesu horretatik herri galdeketa egiteko beharra sortzen bada, hori babestuko dugu. Eta Jaurlaritzari herritarren gehiengoaren iritzia errespetatzeko exijituko genioke”, esan zuen Palenzuelak.
Otsailaren 23ko osoko bilkura (mozioaren eztabaida 19:10 minutuan hasten da):