Andrabandaren ikastaroak Ondarroa osora zabaldu du perkusio hotsa
Ondarroako Andrabanda feministan aritzeko ikastaroaren lehenengo saioa egin dute gaur [otsailak 25]. Hamalau herritar batu dira, eta giro onean egin dute entsegua. Sormena ere landu dute.
Ondarroako Andrabanda feministan parte hartzen duten hamabi lagun batu dira gaur [otsailak 25] Ondarroako Etxelilan. Ainara Sarasketaren eta Arantza Albizuren gidaritzapean, parte hartzaileek abesti berriak entsegatu dituzte; musika instrumentu ezberdinak probatzeaz gain, erritmoa nola eraman ikasten aritu dira 10:00etatik 14:00etara. Perkusio hotsa herri osora zabaldu da.
“Hasieran ikastaroaren dinamika zein izango den azaldu eta luzaketak egin ditugu. Horrez gain, feminismoaz ere hitz egin dugu. Izan ere, Andrabanda zerbait bada, horixe da, feminista. Gero, kanpora atera eta instrumentuak probatzen hasi gara”, azaldu du Albizuk. Zehaztu du Ondarroan eskaintzen ari diren ikastaroa intentsiboa dela. “Beste herri batzuetan astero eskaintzen ditugu saioak, baina Ondarroan bost egunetan egiten dugu”. Hurrengo saioak martxoaren 18an, apirilaren 22an, maiatzaren 6an eta maiatzaren 20an izango dira, ordu berean.
Lagunarteko giroan, mutrikuarrak eta ondarrutarrak batu dira ikastaroaren lehenengo saioan. Bakoitzak esku artean zeukan instrumentua nola erabili ikasten aritu dira, eta bata besteari laguntzen ere ibili dira. Eta sormena lantzeko tartea ere eduki dute. “Ikastaroaren azken zatian sormena lantzeko tartea egiten dugu”, gaineratu du Albizuk.
Andrabanda iaz hasi zen taldera batu nahi dutenekin ikastaroa egiten, eta beste urte batez, jendeak ez du hutsik egin.



















