Arreta zein hizkuntzatan jaso nahi den erregistratzera animatzeko kanpaina hasi dute Osakidetzan
Gaur gaurkoz, 1.764.174 herritarrek adierazi dute zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun arreta, eta horietatik %19 inguruk adierazi du arreta euskaraz jaso nahi duela.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2022-2028 III. Planean jasotako konpromisoetako bati erantzunez, Osakidetzak kanpaina bat hasi du herritarrek arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten erregistratzera animatzeko. Hain zuzen ere, Osasun Karpeta berriak Osakidetzarekiko harremanetarako lehentasunezko hizkuntza “azkar, erraz eta modu seguruan” aukeratzeko aukera ematen du. Profesionalekin zein bestelako komunikazio arloko harremana zein hizkuntzatan izan gura duten erregistratu daiteke.
Osakidetzako erabiltzaileen % 77 inguruk (1.764.174 pertsonak) adierazi du zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun-arreta, eta horietatik % 19 inguruk adierazi du arreta euskaraz jaso nahi duela
Osasun Karpeta berrian aukerak/hizkuntza-aldaketa menuaren bidez egin daiteke aukeraketa, eta, bestela, osasun-zentroan bertan erregistratzeko aukera ere badago: “Euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aukeratzen duten pertsonen kasuan, bai asistentzia-aplikazioetako paziente-erregistroan, bai bestelako identifikazio-elementuetan, ikur urdina agertuko da E letrarekin, Osakidetzarekiko harremanean euskara erabiltzea nahiago dela adierazten duena”.
Gaur gaurkoz, Osakidetzako erabiltzaileen % 77 inguruk (1.764.174 pertsonak) adierazi du zein hizkuntzatan jaso nahi duen osasun-arreta, eta horietatik % 19 inguruk adierazi du arreta euskaraz jaso nahi duela. “Planaren iraunaldia amaitzean, erabiltzaile denek Osakidetzarekin duten komunikazio-hizkuntzaren erregistroa egina izan dezaten saiatuko gara”, esan dute Osakidetzaren ordezkariek.
Planaren iraunaldia amaitzean, erabiltzaile denek Osakidetzarekin duten komunikazio-hizkuntzaren erregistroa egina izatea nahi dute
Osasun-arloko komunikazio-hizkuntzaren inguruan erabiltzaileen lehentasunak ezagutu gura dituzte; erregistro horren helburua da, eskariaren arabera, asistentzia-maila desberdinetan behar diren “osasun-zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea”, Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan zein Osasun Mentalean.
Plana. Iaz onartu zuten Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana 2028ra arte egongo da indarrean. Euskararen erabilera sustatzeko neurriak eta irizpideak ezartzen ditu, eta Osakidetza osatzen duten zerbitzu-erakunde guztietan aplikatu beharko dituzte. Planak jarraipena ematen dio 2003an Osakidetzan hasitako euskararen normalizazio-prozesuari, eta haren helburuak eta ekintzak hiru eremutan egokitzen ditu: euskararen inguruko egungo egoera eta datuak, Osakidetzako asistentzia-mailaak eta planean bertan zehaztutako lehentasun-maila.
Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da pazienteak eta erabiltzaileak erosoen eta seguruen sentitzen diren hizkuntza ofizialean jardutea, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek herri-administrazioekiko harremanetan euskaraz jarduteko eta arreta euskaraz jasotzeko eskubidea dute.
Euskararen erabilerari buruzko kexaren bat jartzeko edo proposamenen bat egiteko osasun-zentroko edo ospitaleko Pazienteak eta Erabiltzaileak Artatzeko Zerbitzura jo behar da
Mediku, erizain edo emagin euskalduna gura dutenek, osasun-zentroko harrera-zerbitzuan kontsulta dezakete aldatzeko aukera. Bestalde, euskararen erabilera dela-eta kexaren bat jarri edo hobetzeko proposamen bat egin nahi badute, osasun-zentroko edo ospitaleko Pazienteak eta Erabiltzaileak Artatzeko Zerbitzura (PEAZ) jo dezakete.
Hainbat lanpostutan (derrigortasun-data dutenetan), beharrezkoa da euskara-titulua: arlo sanitarioko lanpostuetan, B2, eta besteetan, B1, B2, C1 edo C2, titulazioaren arabera. Halaber, Osakidetzak askotariko tresnak jartzen ditu arlo sanitarioko profesionalen esku, pazienteak euskaraz artatu eta eguneroko lanean euskaraz ari daitezen. Adibidez, badira hainbat arlo profesionaletako euskarazko gidaliburuak, hiztegi terminologikoak, testu klinikoetan espezializatutako itzultzaile automatiko neuronala, eta abar.