Goitia-Foster eta Etxe-Gandiaga bikoteek lortu dituzte Lekeitioko trinketeko finalaurrekoetako lehen garaipenak
Galtzaileak domekan [martxoak 5] irabaztera behartuta daude kanporaketa berdintzeko.
Hasi dira Lekeitioko trinketeko XVII. beteranoen esku pilotako finalaurrekoak. Atzo [otsailak 26] jokatu ziren lehendabiziko bi partidak, kanporaketa zuzenak dira, hiru partidetatik onenera, hau da, finalerako txartela lortzeko bi irabazi behar dira. Bi bikotek aurrerapauso handia eman dute helburua betetze aldera.
Lehen partiduan Goitia-Foster eta Rober-Madariagaren artekoa izan zen, Latxiondoren ordezko lanak egin zituen Roberrek. Bergararren eta eibartarraren hasiera ona izan arren, hiru pilota zuzenean teilatupeko sarean sartu zituzten, azkar asko berdindu zuten markagailua Goitia eta Fosterrek. Berdinketa horren ostean apurtu zuten neurketa lekeitiarrek. Goitiak sakea eta sake errematea aprobetxatuz, 5 eta 12koa ezarri zuen. Aurrelaria nagusi aurrean eta Foster seguru atzean, Madariaga estu hartu zuten atzealdean errebote inguruan pilota asko sartuz. 10 eta 21ekoarekin Madariaga eta Roberrek postuak aldatu zituzten, eibartarra aurrean jarriz, eta 11. tantoa eskuratuaz. Baina orokorrean, ez zien emaitza onik eman aldaketak. Are gehiago, lekeitiarrek erreskadan hamar tanto egin zituzten 11-30eko emaitzara arte.
Telleria-Beraza eta Etxe-Gandiaga bikoteek lehiatu zuten bigarren finalaurrekoan, berriz, oreka eta emozioa izan zen nagusi. Sakea Telleria-Beraza bikote beteranoagori tokatu zitzaion. baina azken urteotako txapeldun atzelaria zuten aurrean, Iban Gandiaga, sake errestatzaile bikaina. Partida gogor bezain estua izan zen, zazpi berdinketa egon ziren: 2-2, 4-4, 5-5, 8-8, 9-9, 12-12, eta azkena 21-21. Baina momentu horretan agertu zen txapeldunaren sena: Iban Gandiaga pilota zabalera zein txaflanera bideratzen asmatzen hasi zen eta berriztarra eta berriatuarrak 21-27koa ezarri zuten markagailuan. Orduan, dejadaz, sakez eta buruz-gain eskuratutako tantoei esker, Beraza-Telleriak 24-27kora hurbildu ziren. Saiakera bertan behera geratu zen, irabazleek hiru tanto segidan eginda 24-30ekoa ezarri baitzuten markagailuan. Lehen puntua Etxe-Gandiaga bikotearentzako.
Domekan [martxoak 5] 10:00etan jokatuko dituzte finalaurrekoen itzuliko partiduak. Galtzaileen azkenengo aukera da. Irabazten badute berdinketa hausteko partidua behartuko dute biek ala biek, galtzen badute etxera eta 3. Eta 4. postua lehiatzearekin konformatu beharko dira.