Pedro Zenigaonaindia jeltzalea berriro aurkeztuko da Mendexako alkatetzara
Zenigaonaindia bigarrenez aurkeztuko da alkatetzera. Irisgarritasuna eta energiaren kudeaketa izango dira bere hauteskunde programako alderdi nagusiak.
EAJko Mendexako Uri Buru Batzarrak aurreratu du Pedro Zenigaonaindia Badiola (Mendexa, 1953) hurrengo udal hausteskundeetara aurkeztuko dela. Mendexako egungo alkatea “gogotsu” agertu da, eta herrian “proiektu estrategikoak egiteko asmoa” duela azaldu du. Besteren, artean, ardura energetikoa plazaratu du; energiaren kontsumoa hobetzeko “askotariko jarduerak” proposatuko dituela adierazi du, udal eraikinetatik hasita.
Pedro Zenigaonaindia: “Inguruko mendi guneetan orubeak erosteko asmoa dugu, bertako zuhaitz espezieak landatu ahal izateko”.
Hautagai jeltzalearen bigarren agintaldia izango da udalean, eta “orain artean martxan ipinitako egitasmoekin jarraitzea” bilatuko du. Plaka fotoboltaikoak izango dira berritasun nagusiak. Dagoeneko, hamar ipini dituzte udaletxean, eta herriko tabernetan beste hogeita bi instalatzea dute helburu. Era berean, inguruko mendi guneetan orubeak erosteko asmoa duela adierazi du, “bertako zuhaitz espezieak landatu ahal izateko”.
Irisgarritasuna. Udalerriko irisgarritasuna eta inguruko udalerriekikoak hobetzea izango da Zenigaonaindiaren apustuetako bat: “Herriko bideak hobetzeko, Karraspioko hondartzako azpiegiturak egoerarik hoberenean mantentzeko eta bisitariak erakartzeko, Lekeitio eta Amoroto lotzen duen bidegorriko mantentze lanekin aurrera egin nahi dugu”. Hondartzari dagokionez, gainera, alkategaiak bertako harresia margotzea ere aurreikusten du.
Zenigaonaindiak 69 urte ditu, eta merkataritzako ontzidiko kapitaina izandakoa da, orain alor horretatik erretiroa hartuta baldin badago ere. Mendexari buruz galdeturik, ondorengoa nabarmendu du: “Berton sentitzen den lasaitasuna, inguru eta paisaia bikainak, non itsasoa eta mendia uztartzen diren, zoragarriak dira”.