50 jarduera baino gehiagogaz dator Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea
Besteak beste, Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan familientzako bisita gidatua eta fosil tailerra prestatu dituzte martxorako.
Euskal Kostaldeko Museoen Hilabetea aurkeztu dute gaur goizean (otsailak 28) Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Martxorako 50 jarduera eta 100 plan baino gehiago proposatzen ditu prestatu duten programazioak. Horietako batzuk Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan izango dira.
Gorka Odriozola Euskal Kostaldeko Museoen Sarearen koordinatzailea eta sareko zentroetako ordezkariak bildu dira agerraldian. Aixa Gaztelu Bermoko Arrantzaleen Museoko eta Bakioko Txakolin Museoko zuzendariak gogoratu duenez, Arrantzaleen Museoak aurten 75 urte beteko dituelako egin dute bertan aurkezpena.
“Eskaintza zabala eta askotarikoa”. Azken urteetako apusturi eutsita, beste behin, “ekintza bereziekin eta esklusiboekin” bete dute martxoa, bisitariek esperientzia horietaz “urtean zehar ezin dutelako gozatu”. Familientzako tailerrak, umeentzako jolasak eta tailerrak, bisita gidatu bereziak, ate irekien jardunaldiak, dastaketak, zuzeneko ikuskizunak, itsasontzian irteerak… eskaintzen ditu Euskal Kostaldeko Museoen Hilabeteak. Jarduera gehienak doakoak izango dira, eta ez direnentzat “prezio bereziak” zehaztu dituzte. Eskaintza “zabala eta askotarikoa” dela azpimarratu du Gazteluk: “Adin guztietako publikoari zuzendutako ekintzak diseinatu ditugu. Ezagutzen gaituztenak zein oraindino museoetara hurreratu ez direnak eskaintzen duguna deskubritzera animatzen ditut. Jarduerek gure tradizioekin lotura handia daukate”.
Mutrikuko Nautilus Ikasgune Geologikoan familientzako bisita gidatuan eta fosil tailerrean parte hartzeko aukera emango dute hilaren 19an eta 25ean, doan. Eta hilaren 25ean ate irekien eguna izango da.
Hamar urteko ibilbidea. 2012ko irailean aurkeztu zuten Euskal Kostaldeko Museoen Sarea, Basquetourrek hauspotuta, eta, gaur egun, 38 zentro daude, kudeaketa publikoa zein pribatua daukatenak. Eskaintza turistiko bati forma eman, balioan jarri eta bai bertokoentzat bai kanpotik datozen bisitarientzat kostaldeko eskaintza kulturala zabaltzeko helburuekin jaio zen sarea. Era berean, elkarlanerako eremua edukitzea ere bazen helburua. “Bizkaiko eta Gipuzkoako museo, interpretazio zentro eta ondare lekuen kudeatzaileen arteko elkarlanerako aukerak ahalbidetzea zen asmoa”, azaldu du Iratxe Momoitio Gernikako Bakearen Museoko zuzendariak. Asmo horregaz antolatu zuten, lehenengoz, Euskal Kostaldeko Museoen Eguna, 2013ko ekainean. Ondoren, elkarlaneko ekitaldi hori martxora aldatu, eta ekintzak hilabete osora zabaltzea erabaki zuten.