Maite Ortiz de Mendibilek eta Maialen Aldazabalek 2-0 irabazi diete Ihart Arakistaini eta Frida Watkinsi Ezkurdi Women Winter Seriesko lehen partiduan.
Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra eta Maialen Aldazabal Ezkurdi Women Winter Seriesko lehen finalistak izango dira. Atzo nagusi agertu ziren Durangoko pilotaleku berrituan, emakumezkoen zesta-punta sustatzea helburu duen txapelketako lehen partiduan. Zenbait akats eginez hasi baldin baziren ere, norgehiagokari erritmoa hartu zioten, eta Ihart Arakistain Berritxu Zesta Eskolako kidea eta Frida Watkins zumaiarra 2-0 hartu zituzten menpean, partidua ikustera joan ziren ia 600 ikusleei ikuskizun ederra opari eginez.
Argazkia: Eraman Jai Alai.
Arakistain eta Watkins ziurtasunez sartu ziren kantxara, eta 0-4, 3-7 eta 5-9 aurreratu ziren markagailuan. Minutuen joanagaz, aurrelari arabarrak bere tokia topatu zuen frontoian, eta konfiantzaz jokatzen hasi zen: eskumakadaz (7-9) edota horma bitara (8-9) egin zituen tantoak, hamargarrenean partidua berdindu zuen arte. Aldazabalek, bere aldetik, segurtasuna eta kalitatea erakutsi zituen atzealdeko koadroetan, eta jokaldiak eskura utzi zizkion Ortiz de Mendibili, hark erremata zitzan. 11-11ko markagailuagaz, bikote gorriak urrats bat aurrera egin zuen eta, errebotez, 12-11 aurreratu zituen Ortiz de Mendibilek. Behin norgehiagokari neurria harturik, 15-12raino luzatu zuten Ortiz de Mendibilek eta Aldazabalek beren errenta, lehendabiziko seta poltsikoratuz.
Bigarren seta orekatuta hasi zen eta azken txanpan Ortiz de Mendibil eta Aldazabal aurreratu egin ziren
Bigarren seta, lehenengoaren modura, orekatua eta zirraragarria izan zen. Txapelketako puntistarik gazteenak, Watkins zumaiarrak, itxura txukuna erakutsi zuen; Arakistaini zegokionez, indarra eta izaera jotzailea dituela frogatu zuen. Dena dela, berdintasuna nabarmendu zen set amaierara arte: markagailuak 6-7, 7-7, 10-7, 10-8, 10-9, 11-10, 11-11, 12-12 eta 13-13ra egin zuen dantza. Tentsioa, horrenbestez, agerikoa zen. Azkenengo txanpan, Ortiz de Mendibilek eta Aldazabalek asmatu zuten partiduari martxa bizkorrago bat sartzen, eta atzelari berriatuarraren tantoagaz lortu zuten garaipena, 15-13.
Atzoko garaileetako batek, Aldazabal berriatuarrak, partidu hasierako akatsak nabarmendu ditu: “Ondo berotu barik eta partidutik nahiko kanpo kantxaratu nintzen; ondorioz, lehen tantoetan sufritzea tokatu zitzaidan. Dena dela, Ortiz de Mendibilek eta biok komunikazio bikaina eduki genuen, eta esango nuke hori oso baliagarria izango dela txapelketan aurrera egiteko. Identifikaturiko akatsak konpontzeko behar egingo dugu eta, hori lortuz gero, uste dut lehiaketa irabazteko hautagai izan gaitezkeela”.
Argazkia: Eraman Jai Alai.
Barandika, erraz. Gizonezkoen lauko finalean, Gernika-Lumoko Jai Alai Winter Seriesko finalistetako batek, Xabi Barandika gernika-lumotarrak, txapelketa horretako ezusteko atseginetako bat izandako Johan Sorozabal miarriztar gaztearen kontra neurtu zituen indarrak. Barandikak hautagai legez abiatu zuen buruz burukoa, eta ez zuen kale egin: uneoro nagusi agertu zen. Lehen setean, Sorozabalek sendo eutsi zion jokoa, 3-3 berdindu zuten hasieran, baina Barandika argi eta garbi aurreratu zen, 5-13ko markagailura heldu arte. Lapurtarrak egoerari buelta emateko saiakera egin zuen, eta oso hurre egon zen: 11-14ra arte iritsi zen. Nolanahi ere, beranduegi zen, eta Barandikak bere legea ezarri zuen: 11-15.
Barandikak bere egoera fisiko bikaina eta Sorozabalen hutsegiteak baliatu zituen
Bigarren seta berdinduago ipini zuten abian: hirura, laura, seira eta zazpira berdindu zuten. Sorozabal nekea igartzen hasi zen, eta Barandikak bere egoera fisiko bikaina baliatu zuen orduan. Txik-txakez lau tanto egin zituen, eta Miarritzekoaren hutsegiteak bilatu zituen. Dena dela, Sorozabalek zenbait jokalditan arriskatu egin zuen, eta ondo atera zitzaion; 11-13 hurreratu zen markagailuan pilotari gaztea. Bere txik-txak eta horma biko boteretsuak probestuz, Barandikak 11-15ekoagaz zarratu zuen txapelketako lehen norgehiagoka.
Bigarren jardunaldia. Datorren astelehenean, 19:30ean, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrek etxeko kantxan jokatuko duen Helena Barrenetxea durangarraren eta munduko txapelduna den Eneritz Lizardi mutrikuarraren kontra jokatuko dute. Gizonezkoen bigarren finalaurrekoa, ostera, Aritz Erkiaga ispastertarraren eta Durangora Winter Series irabazita iritsiko den Imanol Lopez zumaiarraren artekoa izango da.