1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildako langileei omenaldia, Ondarroan
Elkarretaratzea eta lore eskaintza antolatu dituzte barikuan [martxoak 3], 19:00etan, Alamedako monolitoaren aurrean.
47 urte beteko dira langileen eskubideen defentsan borrokan zeuden bost langile erail zituztela Gasteizen, zehazki, 1976ko martxoaren 3an. “Hainbat hilabetez soldata duinak eskatzen aritu ondoren, langile klasearen mobilizazioei jarraipena ematen zien greba orokorraren testuinguru hartan, bost langile erail eta 150 zauritu zituzten poliziaren balek”. Ohi legez, elkarretaratzea eta lore eskaintza antolatu dituzte LAB sindikatuak eta Ernai Gazte Antolakundeak.
Oroimenak bizirik jaraitzen duela aldarrikatuz, langile mugimenduaren ikur bilakatu da eguna: “Gure aitortza eta gogoa Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Peredari, eta baita Gasteizko sarraskia salatzen zuten elkartasun manifestazioen aurkako errepresioaren ondorioz ondoren hil zirenei ere”.
Gasteizko sarraskia, langileriak Euskal Herrian inoiz jasan duen erasorik latzena izan da. Greba egun bat zen, eta 5.000 pertsona inguru zeuden batzar batera joanda, Gasteizko Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizan. Batzar baketsua desegiten saiatzeko, elizaren barruan zeuden milaka langileei gas negar eragileak jaurti zizkieten poliziek, indarrez aterarazteko, eta, elizaren ate bakarretik irten ahala, 2.000 tiro baino gehiago egin zizkieten poliziek. Bost langile hil zituen Espainaiko Polizia Armatuaren oldarraldiak eta tiroketak, eta 150 lagun zauritu zituzten, asko larri.