Gizonezkoen Euskal Herriko zesta-puntako lehenengo Elite Txapelketa abiatuko da Mutrikun
16 puntista batuko ditu Miruaitzen lehiatuko den txapelketak; zazpi Lea-Artibai eta Mutrikukoak dira.
Gizonezkoen Euskal Herriko Zesta puntako lehenengo Elite Txapelketaren aurkezpena egin dute gaur [martxoak 1] Mutrikun; 16 puntista batuko ditu barikuan [martxoak 3] abiatuko den txapelketak. Mutrikuko Udalak, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzarekin batera, eta Mutrikuko Danok Bat Pilota Elkartearen laguntzarekin antolatutako txapelketa da. “Urte luzez egon da txapelketa hau antolatzeko nahia, azkenean errealitate bilakatu da”.
Afizionatu mailako 16 puntista onenak aukeratu dituzte lehenengo Elite Txapelketa lehiatzeko; Urreisti mutrikuarra, Goitiandia markina-xemeindarra, Alberdi etxebarritarra, Lekerikabeaskoa, Basterra, Glz. De Matauco, C. Aguirre eta Gonzalez izango dira aurrelariak. Atzelariak, berriz; Manci mutrikuarra, Mugartegi, Ibarluzea eta Mandiola markina-xemeindarrak, Uranga, Bailo, Diaz eta Iturralde. Antolatzaileek adierazi dutenez pasaden urteko eta aurtengo txapelketa ofizialetan izandako emaitzak oinarri hartu dituzte puntistak aukeratzeko orduan, zehazki, Euskal Herriko Txapelketa, Lurraldeko Txapelketa eta Federazioen arteko txapelketa.
Irabazleek profesionalekin lehiatzeko aukera izango dute.
Formatua. Banaka lehiatuko duten taldeko txapelketa izango da, bi talde osatu eta bi ligaxka jokatuko dituzte. Partida bakoitzeko puntuazio bat emango zaio puntista bakoitzari, horren araberako sailkapena osatuaz. “Partida guztiak ezberdinak izango dira, puntistak bikote ezberdinekin jokatzera ohitu beharko dira, formatu ezberdina da gehigarri bat duena”. Hala, ligaxkak bukatzean puntuazio altuena dutenekin osatuko dira bikoteak, eta horien artean lehiatuko dira final laurdenak, finalaurrekoak eta finala. Irabazleek profesionalekin lehiatzeko aukera izango dute, zehazki, 2023ko Jai Alai World Toureko bi txapelketetan parte hartzeko txartela lortuko dute. “Ezinbestekoa da harrobiko pilotariei profesionaletara ailegatzeko aukerak ematea, beraien esfortzuarekin. Txapelketa asko ditugu, baina txapelketa horiek puntistez bete behar dira, eta horretarako aukerak eman behar dizkiogu eta maila bat lortzeko ibilbidea egin dezaten”.
Barikuetan lehiatuko dira partidak, 19:00etan, Mutrikuko Miruaitz frontoian; barikuan [martxoak 3] abiatuko dira, eta apirilaren 14an izango da final handia. Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea pozik agertu da txapelketa Mutrikun egitearen erabakiarekin: “Miruaitzek puntista onak eman ditu, egun harrobi ederra dugu bai gizonezkoen artean, horren adibide ditugu txapelketa lehiatuko duten Urreisti eta Manci. Baina baita emakumezkoetan ere, adibide dugu Eneritz Lizardi Munduko Txapelduna. Guzti honetan badu zerikusirik Danok Bat elkarteak herrian egiten duen lanak, eskerrak eman behar diogu”.
Barikuan ondorengo partidak lehiatuko dituzte:
- Basterra/Mugartegi – Alberdi/Mandiola
- Lekerikabeaskoa/Ibarluzea – Urreisti/Manci
- Aguirre/Diaz – Glz. de Matauco/ Bailo
- Gonzalez/Uranga – Goitiandia/Iturralde