Obrak egingo dituzte Ondarroako Artabide kalean
Obrek iraun bitartean Txalet Monikatik goranzko norabidean ezkerreko erraila itxita egongo da.
Bizkaiko Foru Aldundiak Artabide kaleko 30 zenbakitik Artabideko azken bihurguneraino bidea asfaltatuko du, Frantziako Tourra Ondarroatik igaroko dela jakinda. Tourraren hasiera Euskal Herrian egingo da, eta zehazki, hirugarren etapa igaroko da Ondarroatik, uztailaren 3ean. “Tourra igaro ahal izateko nahitaez egin beharreko lanak direla adierazi diote Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek Ondarroako Udalari”.
Aldundiak egingo dituen lanak aprobetxatuz Ondarroako Udalak konponketak egingo ditu; Artabide kaleko gorengo etxeetako saneamendu hoditeria eta kaleko euri urak batu eta bideratzeko estolderia hobetuko dituzte. “Gaur egun Artabideko goiko zatiko etxeetako saneamendua ez dago herriko sarearekin lotuta, eta lan hori egingo dugu orain”, azpimarratu dute hirigintza saileko arduradunek. Horrez gain, Artabide eta Antiguako Ama kaleetan errepidean dauden arketak ere berritu egingo dira, autoen igaroaldiekin hondoratuta baitaude batzuk. “Bizkaiko Foru Aldundiak lan hauek egin behar zituela esan zigunean, guk ere gure hobekuntzak sartzeko baliatu genuen, eta baiezkoa eman ziguten. Orain, obra bakarrean bi gauzak egingo dira: Tourra igarotzeko asfaltoa botatzea eta saneamendu hoditeria berriak ipintzea”.
Aparkaleku gehien hustu beharko diren egunetan portua egongo da zabalik bizilagunentzat.
Ibilgailuak. Obra lanek irauten duten bitartean Txalet Monikatik goranzko norabideko ezkerreko erraila itxita egongo dela jakinarazi dute; bidea semaforo bidez erregulatuko da. Ezkerreko erraila erabiliko da obretako materialak, edukiontziak, kasetak, kamioiak eta abar uzteko eta materiala pilatzeko. “Egun zehatzetan aparkalekuak moldatzen joango dira langileak, zatika, ahalik eta eragin gutxien izateko auzotarren aparkalekuetan”. Egoera ahalik eta moldagarriena egite aldera, aparkaleku gehien hustu beharko diren egunetan portua egongo da zabalik bizilagunentzat; lanen azken fasean izango da eta 10-15 bat egun beharko dituzte errepidea asfaltatzeko.
Asfalto lanak egiteko 111.363 euro bideratu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Ondarroako Udalak beste 38.600 euro jarri ditu Artabideko hoditeria birgaitzeko. Hortaz, lanek guztira 160.098 euroko aurrekontua izango dute.