Ondarroako Etxelila: emakumeen topagunea
Etxelila erreferentzia gune bilakatu da herriko emakumeentzat; interes amankomunak bilatuz, espazioak sortu eta bidea egiten ari dira, aniztasuna ezaugarri bereizgarri izanik.
Ondarroako Emakumeen Topalekua erreferentziazko gune bihurtu da herriko emakumeentzat, eta mugimendu feministarentzat topaleku. Duela hamar urte herriko mugimendu feministaren aldarrikapenei erantzunez jarri zen martxan Ondarroako Udaletik, eta helburuak betetzen dituen gunea da, urtez urte, proiektu amaiezin bat baita; bizirik dagoena, dinamikoa eta parte hartzailea.
Mugimendu feministatik eta Ondarroako herritik dauden kezkei erantzuna emateko ahaleginak egiten direla adierazi dute Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak eta Udane Barinagarrementeria Laka Etxelilako dinamizatzaileak:”Landu ez diren gaiak identifikatzen dira, hutsuneak aurkitu eta horiei erantzuna ematen saiatzen gara. Gainera Etxelilara hurbiltzen ez diren emakumeen eta LGTBI kolektiboko profiletara heltzeko ahalegina egiten da”.
“Perfila asko zabaldu dela sumatu dugu”.
Erronka berriak finkatuta dituzte: Emaakume arrazializatuentzako aholkularitza juridikoko zerbitzua eskaintzea eta gazteei zein LGTBI kolektiboari begira, sexu aholkularitza zerbitzua ezartzea. Aniztasuna ezaugarri duen gunea izanik, azken urteetan perfila asko zabaldu dela nabarmendu dute: «Urte bakoitza ezberdina da, momentuak egoten dira, baina profila asko zabaldu dela sumatu dugu. Jende gazteagoarena hurbiltzeaz gain, profila zabaldu da helduagoen artean”.
Ikastaroen bidez jendearengana hurbiltzen saiatzen dira, oreka mantenduz, feminismoa beste leku batzuetatik lantzeko aukera eskainiaz, eta zehazki, Eztabaidagune feminista da heldulekua: «Pandemia ondoren jendea parte hartze puntualetara begira zegoen une bat zen, hortaz, formula berritu genuen: parte hartze puntualak sortuz, hala nola, ikastaroak eta jarduera bereziak».
Boga boga Emakumion Elkartea, Aringaingan, Literaturaz eztabaidatzeko gunea, Andrabanda feminista eta Neska Gazteen Txokoa.
Espazio biziak. Jabekuntza eskolak emakumeen parte hartze sozial eta politikoa sustatzen du, horretarako espazioak sortuz. Espazioak gune irekien bidez egonkortu, eta talde independente bilakatzea da helburua. Urte hauetan, hainbat izan dira prozesu hori jarraitu eta egun talde bezala funtzionatzen dutenak. Gaur egun hainbat dira martxan dauden gune eta taldeak. «Topaleku bilakatzen dira, egunerokotasunean kalean batuko ez litzatekeen jendea batzen da interes amankomunak dituztelako».
- Boga Boga Emakumion Elkartea bizirik eta aktibo dago, eta feminismoaren perspektiba ezberdinak ukitzen dituen gaien inguruko saioak lantzen dituzte: «Taldeak asko ematen du, hirugarren belaunaldiko emakume asko amak, amonak eta etxeko emakumeak dira, errutina normatiboetan bizi direnak».
- Aringaingan Taldea emakumeak korrikan egitera kalera ateratzea helburu finkatuta duen taldea da. Astero bi aldiz gelditzen dira Etxelilan, entrenamenduak finkatuta izanik, kalera ateratzeko, jomugan helburu bat finkaturik: Lilatoia. Hain zuzen ere domekan [martxoak 5] egingo dena, pasaden urtean, Lilatoiko talderik handieran aipamena lortu zuen taldeak.
- Andrabanda Feministak emakumeentzako perkusio eta ahots «banda». Filosofia feminista oinarri duen taldea, emakumeen jabekuntza pertsonala eta kolektiboa sustatzen duena, danbor hotsez herriko kaleak hartzen dituzte aukera dagoen bakoitzean.
- Neska gazteen txokoa, zalantzak eta kezkak partekatzeko gune baten beharra sumatu eta horri erantzuna emateko asmoz sortutako txoko irekia: «Gazte eta neska gara, egoera batzuez nazkatuta gaude eta horien aurrean zerbait egiteko gogoa sumatzen dugu». Hortaz, feminismoa ezagutzeko, parte hartzeko eta ekintza propioak egiteko batzen dira.
- Literaturaz eztabaidatzeko guneak hilabetero literatura, irakurketa eta eztabaida kritikoa lantzeko saioak burutzen ditu ikuspuntu feministatik, aurtengo jomuga emakume natiboamerikarren literatura da.
Bidea egiten jarraitzeko sareak sortu, talde autonomoak eratu eta jendearengana hurbiltzeko ahalegina egiten jarraituko dute Etxelilatik. Hortaz, hurbiltzeko deia egin diote herritarrei: «Ez izan beldurrik, gune zabal bat da eta denontzako da. Hortaz, hurbildu zaitezte».